Pepe Melek hiru aldiz lortu du Lehen Mailara igotzea Betisekin. Jokalaria zenean bat, gol andana sartuta, eta beste bi entrenatzaile gisa. Sevillako kluba Europarako sailkatu duen azken teknikaria ere bada. Eta aurten, oso baliabide gutxirekin, jaitsiera postuetatik kanpo zeukan taldea, bost puntura -Realak adina-. Gutxik pareka dezakete meritu zerrenda hori, baina horrek ez du libratu futbol modernoaren eromenetik. Kargutik kendu du Betisek Mel. Ez hori bakarrik; tuiter kontua ere itxi behar izan du, zale askoren erasoekin nazka-nazka eginda. Atzoko irainak gaurko laudorio bihurtu dira.
Realetik oso gertu egon zen entrenatzaile madrildarra. Donostiara etortzeko maletak prest omen zituen, azken orduan Aperribaik Moyesen alde egitea erabaki zuenean. Pena galanta hartu genuen jarraitzaile askok. Donostian arrakasta lortzeko beharrezko guztia zeukan: eskarmentua, Ligaren ezagutza, izaera apala eta lasaia, jokalariekin konektatzeko gaitasuna, harrobia lantzeko joera… Klubarekiko miresmena adierazia zuen behin baino gehiagotan, gainera. Fitxaketa ez zen gauzatu, baina Real zale askok helarazi zizkioten animo mezuak publikoki eskertu zituen.
Moyes eta Mel, Mel eta Moyes. Tituluaz haratago, elkarren antz izpirik ez duten bi teknikari, gaur egun langabezian daudenak biak ere. Ustela suertatu da eskoziarraren aldeko apustua. Zalapartarik gabe utzi zuen kluba, baina denbora erakusten ari da aldagela barruan bizi zen egoerak ez duela zerikusirik saldu nahi izan diguten giro bare eta arrosa kolorekoarekin. Urte bakarrean gazteleraz hitz bakar bat ere ikasi ez izana leporatu dio orain gutxi Carlos Martinezek Moyesi. Arrazoia edukita ere, galdetu beharko litzaioke berari zenbateko ahalegina egin duen ingelesa ikasteko –euskararen gaia alde batera utziko dugu, bakearen mesedetan-.
Iraganeko kontuak dira, ordea. Taldeak itzuli oso bat dauka orain Eusebiorekin, oro har, berreskuratutako sentsazio positiboak berresteko. Gutxiago edo gehiago asmatu, taldeak joko eredu argia du orain. Horren adibide izan zen Valentziaren aurka lortutako garaipena: hamaikako erasokorra, oso presio aurreratua –batzuetan arriskuak hartuz-, eta baloiarekiko atxikimendua. Brumaren susperraldia –jarrai dezala ‘Brumazoak’ eskaintzen-, Jonathasen bi golak, Elustondoren une gozoa…bada albiste onik, baina baita alde ilunik ere, lesio andana, esaterako.
Inportantea da datozen norgehiagokak aprobetxatzea azken txanpara estuasunik gabe iristeko, Deportivotik hasita. Lotura ugari ditu Realak talde galiziarrarekin. Besteak beste, biek eduki zuten John Toshack entrenatzaile. Hura da, gurean, bi denboraldi jarraian iraun duen azken teknikaria. Hauxe esan zuen behin Eusebiok, artean jokalaria zelarik: “Entrenatzaile onik ez dago, hiru denboraldiren ondoren”. Bera izango ote da Toshacken marka apurtuko duena? Tuiter kontua ez dezala ireki, badaezpada ere.