Mikel Laboaren 'Baga, biga, higa' abestia izango da biharko ikuskizunaren gailurra. Elkarbizitzarako zubia eraikitzea du helburu Maria Kristina zubiko emanaldiak
Konstituzio plazako oholtza gainean erakutsi zuten Europako ikurra, Banderaren jaitsieran. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Europako Kultur Hiriburutzaren urtea hasi da. Ofizialki, San Sebastian eguneko banderaren igoerarekin eman zitzaion hasiera Donostia 2016 ospetsuari. Hala, hiriko banderarekin eta ikurrinarekin batera, Europako bandera ere igo zuten Konstituzio plazan.
Astebururako programazio zabala osatu dute arduradunek, eta atzo hasi eta igandera bitartean 70 jarduera baino gehiago egiteko asmoa dute. Hiriburutzaren webgunean kontsulta daiteke programazio osoa, edonola, donostiar guztiei zuzendutako ikuskizun bat izango da ekitaldirik garrantzitsuena: Elkarbizitzarako zubia.
Donostia 2016 Fundazioko arduradunak larunbateko ikuskizun horri begira lanean ari dira azken bi hilabeteetan, eta donostialdeko 52 elkarteren laguntza izaten ari dira: Trumoiak, Harri zulatzaileak, segalariak, Kantu Jira, Gipuzkoako Abesbatza Federazioa… Hansel Cerezak diseinatu du ikuskizuna, baina ezer gutxi aurreratu nahi izan du momentuz: «Badakizue zer islatu nahi dugun, baina ez dakizue zer eta nola egingo dugun», aipatu zuen atzoko aurkezpenean.
Maria Kristina zubia izango da argi eta soinu ikuskizunaren eszenatokia, 20:00etan, eta, aurreratu dutenez, Mikel Laboaren
Baga, Biga, Higa abestia izango da emanaldiaren gailurra. «Magia beharrezkoa izango dugu larunbatean. Has zaitezkete abestiaren hitzak freskatzen, eta dutxan edo autobusean abesten», aipatu zuen Xabi Paia 2016ko Kultur arduradunak.
Azken batean,
Elkarbizitzarako zubia eraiki nahi dutela argi utzi zuten arduradunek, eta herritarren partaidetza beharrezkoa izango dela, hasiera hasieratik. Hala, zubien inguruan, 50.000 lagun baino gehiagorentzako espazioa egongo da bertan, eta guztientzako orri bana banatuko dute,
Baga, Biga, Higa abestiaren hitzekin. Gainera, Frantzia pasealekuan, Gernikako pasealekuan eta Federico Garcia Lorca pasealekuan lau pantaila erraldoi jarriko dituzte, eta Urumea ibaiaren bi aldeetatik izango dute ikuskizuna ikusteko aukera herritarrek. Telebistaz ere egongo da ikuskizunaz gozatzeko aukera, ETB-2 eta La2 telebista kateetan.
Talde gidaria, herritarrena
Hansel Cerezak 30 urte baino gehiago daramatza ikuskizunen munduan lanean, eta talde lanean oinarritzen da. Hain justu ere, hori da hiriburutzaren adarretako bat, talde lana eta partaidetza.
Orotara ikuskizunak ordubeteko iraupena izango du, eta bi zatitan banatuko dute; bigarren zatia ludikoagoa izango da.
Obraren garapenean, herritarren partehartzea beharrezkoa izan da. Hala, taldeka lan egin eta Tabakalerako entsegu lokalean bildu izan dira. Hala ere, talde bakoitzak bere zatia baino ez du ezagutzen. Gauzak hala, denek jasoko dute ezustekoren bat estreinaldian. «Goiz hurbildu eta ongi pasatzeko gogoa ekar dezatela», aipatu du Paiak.
Txistu egin diote Europako ereserkiari
Aurtengo San Sebastian egunaren hasieran eta bukaeran, banderen igoeren eta jaitsieren ostean, Europako ereserkia jo zuten, Konstituzio plazan. Agintarien helburua argia zen, Donostia Europako kultur hiriburutza dela ospatzea. Momentu horietan, ordea, txistu eta zalaparta zabaldu zen Konstituzio plazan.
Izan ere, festetan ere Europak ezarritako ereduari ezetz esateko deia zabaldu zuten: «Herriaren, herrien eta naturaren aurka eraiki den Europa; kultura eta hizkuntza txikiak hiltzera kondenatzen dituen Europa; estatuen Europa; neoliberala eta patriarkala; funtsezko zerbitzu sozialen pribatizazioa bultzatu duen Europa; migratzaile eta errefuxiatuentzat estatu-gotorleku den Europa; inperialista eta gerra zalea; pentsamendu bakarraren Europa».