Parte Zaharreko ostalari batek bizilagunei leporatu dizkie jasotako zigorraren ondorioak
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak gogor salatu du ostalariaren jarrera, eta idatzi bat aurkeztu du udalean agintarien babesa eskatzeko. Zigortutako taberna behin baino gehiagotan salatu izan dutela nabarmendu du auzo elkarteak, eta «orain arte» zigorrik ez duela jaso jakinarazi du: “Oso sinplea da. Zigorra eta langileekiko kaltea ez da bizilagunen ardura, ostalariarena baizik, zegokion gunea baino gehiago erabiltzeagatik, baimenik gabe. Logika ezagutzen dugu: gune publikoa, etekin pribatua”.
Parte Zaharrean Biziren hitzetan, “lotsagarria eta kezkagarria” da ostalari batek bizilagunei errua botatzea, “hauek euren eskubideak baino ez dituztenean gauzatu”.
Konstituzio plazako taberna bat zigortu dute, bere terrazak zegokiona baino leku gehiago okupatzeagatik. Astebetez terrazarik gabe egotera behartu du udalak, eta bertako ostalariak bizilagunei leporatu dizkie zigorraren ondorioak, ondoko atarian zintzilikatuta egon den ohar baten bitartez; bizilagunak atari horretan bizi direla zehaztuta, gainera. “Gehiegizko zigorrak” tabernako langileei “zuzenean” eragingo ziela zioen oharrak, besteak beste.