Udaltzaingoaren eraikina, Morlansen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Morlansen Udaltzaingoarentzako egokitutako eraikin berria abian da urte hasieratik. Ondarretako udaltzainak bertan dira dagoeneko, baina Easo kaleko udaltzainek ez dute lekualdatzeko aukerarik izan, ziegak bertan daudelako.
Orain, Morlansen ziegak egiteko lanen baldintzak zehaztu dituzte eta esleipena egiteko prest dago Donostiako Udala. Guztira
300.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta ardura hartzen duen enpresak lau hilabeteko epea izango du lanak amaitzeko.
Hortaz, Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, sei bat hilabetean ziegak eginak egongo dira, eta Morlansko eraikina guztiz prest egongo da. Hala, Udaltzaingoaren zerbitzu osoa bertan kokatzeko moduan izango dira.