Euskadiko Txapelketa egongo da jokoan hipodromoan, igandean.
Donostiako Nazioarteko Kroseko antolatzaileak eta babesleak. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Datorren igandean Donostiako 61. Nazioarteko Krosaren eszenatokia izango da hipodromoa. Guztira, maila guztietako korrikalariak batuz, 1.000 partaide inguru espero dituzte, eta belarra, ura eta lokatza ere izango dira ikuskizunaren parte. Ordutegiei dagokienean, 12:30ean izango da proba nagusia; baina, horren aurretik, 10:00etan, jubenilak, juniorrak, kadeteak, alebinak eta benjaminak arituko dira, nor baino nor.
Berriro ere Fly Group enpresa arduratu da lasterketa antolatzeaz, eta aurkezpenean aipatu dutenez, guztira, 92.000 euroko gastua izan du lehia antolatzeak. Diru horretatik 25.000 euro korrikalariak kontratatzeko erabili dituzte. Beraz, puntako lasterkariek ez dute hutsik egingo, eta, aldi berean,
Euskadiko Txapelketa egongo da jokoan. Hala, Gipuzkoako Atletismo Federazioak bere mendeurrenaren ospakizunari hasiera emango dio. Partaideen artean egongo dira Bidebietako Ander Sagarzazu eta Uliako Ibon Esparza.
Lasterketarako sarrerak salgai daude Robers kirol dendan eta Vasco de Camping elkartearen egoitzan, 6 eurotan. Lasterketaren egunean bertan, berriz, 10 euro ordaindu beharko dira sarreragatik.
Vasco de Camping elkartearekin, irteera
Donostiako Krosera joateko ibilaldia antolatu du Vasco de Camping elkarteak, nahi duenarentzat. Zehazki, Gipuzkoa Plazatik 8:30ean irtengo dira, eta 200 lagun biltzea espero dute. Ez dago aurretik izena eman beharrik, nahikoa izango da bertara azaltzea.