EAJk eta PSE-EEk hauteskundeetan agindutakoa ez dutela bete kritikatu du koalizioak; Axier Jakaren hitzetan, «jakin badakite aldundiak ez duela ezer egingo Karlos I.arekin»
Zinegotziak, atzoko udalbatzarrean. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Karlos I.aren zubibidea eraisteko aldarrikapen historikoa mahai gainean jarri dute berriro udalean, urtarrileko udalbatzarraren bitartez. Aldundiak ez du 2016. urteko aurrekontuan dirurik bideratu Karlos I.aren etorbidearen arazoari konponbidea emateko, eta, EH Bilduk jakinarazi duenez, aldundiko ordezkariek esan diete bizilagunei ez dutela egitasmoa foru erakundearen plan estrategikoan jaso.
Hori dela eta, amaratarrak «hauteskunde iruzur baten aurrean» daudela salatu zuen atzo EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak, EAJk eta PSE-EEk zubibidea eraisteko asmoa agindu baitzuten euren programan. Horren ordez, udal gobernuko kideek erakundeen arteko batzorde bat eratzeko proposamena babestu dutela kritikatu zuen, aldundiarekin «akordio bat lortzeko» helburuarekin, halako neurriak «hamaika aldiz eskatu ditugunean dagoeneko».
Hain zuzen ere, aldundia eta udalaren arteko batzorde bat eratzea izan zen atzoko udalbatzarrean adostutakoa, EAJk eta PSE-EEren babesarekin. «Batzorde bat eratzeari buruz hitz egiten ari dira, zubibidea eraisteari buruz hitz egin beharrean. Susmagarria da oso. Izan ere, EAJk eta PSE-EEk jakin badakite aldundiak ez duela ezer egingo Karlos I.arekin eta, horrenbestez, jakin badakite Amarako bizilagunei iruzur egingo zaiela», adierazi zuen Jakak, eta «oso larritzat» jo zuen egoera.
Bizilagunak, haserre
Karlos I.aren etorbideko bizilagunen ordezkari bat gerturatu zen udalbatzarrera, eta «iruzurraz» hitz egin zuen honek ere. «Denbora irabazteko egin dute», esan zuen, batzordea eratzeko proposamenari dagokionez.
EAJko zinegotzi Martin Ibabek, bere aldetik, baikortasuna adierazi zuen, «ikusten ari dena baino adostasun handiagoa baitago alderdien artean. Zinegotzi guztiek argi dugu zein den bukaerako helburua». Ibaberen hitzetan, «arazoari konponbide bat emateko aukera hor dago, baina horretarako hitz egin eta akordioetara iritsi behar dugu aldundiarekin. Legegintzaldi guztia dugu aurretik. Ez diogu konponbideari uko egingo».
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok zentzu berean hitz egin zuen, eta irtenbidearen oinarria «adostasuna» dela berretsi zuen. Hori gertatu bitartean, garbi utzi nahi izan zuen bere alderdiaren jarrera: «Karlos I.aren zubibidearen eraistearekin guztiz ados gaude, beti egon garen bezala».
Irabazi Donostiako bozeramaile Amaia Martinek agindutakoa ez betetzea leporatu zion udal gobernuari: «Aldundiari eskatzen diogu esatea zer egin behar duen».
PPko bozeramaile Miren Albistur haserre azaldu zen, irtenbidea urruti ikusten duelako. «Urrezko aukera genuen zubibidea kentzeko», esan zuen, eta etsituta agertu zen aldundiak ez duelako «euro bakar bat ere» bideratu proiektura: «Aldundiak ez du zubibidea kentzeko asmorik; bitartean, alkate honek ez du egitasmoa aurrekontuan jaso dezatela eskatzen, bere alderdikoak izan arren».
Errausketa ez dela bidea salatu dute udalbatzarrean
Errausketaren aurkako mozio bat aurkeztu zuten EH Bilduk eta Irabazi Donostiak, baina ez zuen aurrera egin, EAJ, PSE-EE eta PPren kontrako botoengatik. Errausketaren aurkako zenbait herritar bildu ziren udaletxean, eta, udalbatzarreko bozketa amaitu zenean, azpiegituraren aurkako oihuekin erantzun zioten bozketaren emaitzari. Honela gauzak, Eneko Goia alkateak isiltasuna eskatu zien, eta, protestak bere horretan jarraitu zuenez, agintari jeltzaleak bildutakoak kanporatzeko agindua eman zuen.
Mozioari dagokionez, EH Bilduko eta Irabazi Donostiako ordezkariek errauste planta eraikitzeak ez duela zentzurik esan zuten, «ez Zubietan, ez beste inon». Osasun arrazoiak aipatu zituzten, baita arrazoi ekonomikoak ere, errauste planta bera ez litzatekeelako errentagarria izango, are eta gehiago 2020. urtean ezarriko duten muga kontutan hartuta: birziklatu ezin diren hondakin biodegradaezinak baino ezingo dira erre urte horretatik aurrera, Europako Parlamentuak adostutako ebazpen baten arabera. «Zati birziklaezina, errefus esaten diogun hori, hondakin guztien %12 inguru da. Gipuzkoan, 2014an, 315.000 tona hondakin sortu ziren guztira. Horrek esan nahi du, 2020an, 38.000 tona besterik ez dela erretzerik izango. Hala ere, 200.000 tona erretzeko moduko planta bat egingo dute», azaldu zuten.