Autobus geltoki berriak jarduera baimenik ez duela salatu du EH Bilduk
Larunbatean irekitzeko asmoa du udal gobernuak.
Inauguraziorako bost egun falta diren honetan, EH Bilduk salatu du autobus geltoki berriak jarduera baimenik ez duela. “EAJ eta PSEEren gobernuak jarduera baimena izan gabe ireki nahi du larunbatean Atotxako autobus geltokia, nahiz eta, gaur eguerdian batzordean, Enrique Ramos Hirigintza eta Obra Publikoetako zinegotzi ordezkariak adierazi duen bere ustez beharrezkoa dela. Udal gobernuaren beste lardeskeri bat da, gai honetan bat-batean eta inongo aurreikuspenik gabe ari dela agerian uzten duena”, adierazi du alderdiak ohar baten bidez.
“Oso larria da, Atotxako geltokia irekitzeko bost egun falta direla, Enrique Ramosek zehatz-mehatz ez jakitea jarduera baimena beharrezkoa den ala ez. Are larriagoa da bere ustez beharrezkoa dela esatea eta halakorik ez izatea. Eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Eraginaren Adierazpenak beharrezkotzat hartzen duela jakinda, Enrique Ramosek gai honi buruz txosten juridikorik ez izatea arduragabekeri politiko handia da”.
Horrenbestez, EH Bilduk gai honi buruzko azalpenak lehenbailehen ematea eskatu dio udal gobernuari, izango dituen ondorioen argitu ahal izateko.