Feminismoa izan da nagusi Intxaurrondon
Kafeta Feminista eta Feminismoaren Trena egin dituzte asteburuan, Letaman gaztetxean.
20. urtemugaren harira, Irutxuloko Hitzak Letaman gaztetxeko kideak elkarrizketatu zituen. Urriaren bukaeran gaztetxea txukundu eta hainbat gauza konpontzeko auzolana egin zuten, eta, geroztik, hainbat jarduera hartu ditu gune autogestionatuak. Bada, asteburuan feminismoa izan da ardatz Intxaurrondoko gaztetxean. Izan ere, gaztetxeko hiru kideren ekimenez, feminismoarekin lotutako jarduerak lantzen hasi dira, Feminismoaren Trena izeneko ikastaro moduko baten bidez. Hilabetero elkartzen dira, «geltokiz geltoki eztabaida piztu eta feminismoaren inguruan gogoeta egiteko». Larunbatean, feminismoaren bidaiaren 4.geltokia izan zuten, Irati Mogollonen Eskemak apurtuz hitzaldiarekin.
Ordu batzuk beranduago, Kafeta Feminista ere Intxaurrondoko Letaman gaztetxean izan zen, rap, flow eta giro feminista autogestionatua eskainiz. La Chula Potrak “bere auzo euskaldun, ijito eta beltzetik” bere diska berria aurkeztu zuen, eta La Omega eta Michellek dantzalekua “jauzika” jarri zuten. Jai giroak ez zuen etenik izan, eta La Basu, Kriss T, eta Suggar Gk ere kontzertuak eman zituzten.