Nazioarteko Eskrima Txapelketa jokatuko dute Pio Baroja kiroldegian
Fortuna Kirol Elkarteak tiratzaile onenak bilduko ditu larunbateko lehian.
Gipuzkoako Foru Aldundia Nazioarteko XII. Eskrima Txapelketa jokatuko dute Pio Baroja kiroldegian, datorren asteburuan. Aurreko urteetan bezala, Mertxe Uzalen oroimenezkoa izango da lehia. Hala, aurten ere, nazioarteko tiratzaile onenak bilduko ditu txapelketak, larunbatean, 15:30ean; eta finalak 19:30ean izango direla aurreikusi dute. Hamabi pistetan arituko dira 160 tiratzaile nor baino nor, aldi berean, emakumezko zein gizonezkoen mailetan.
Fortuna Kirol Elkarteak antolatu du lehia, eta Espainiako Eskrima Federazioaren zirkuiturako puntuagarria da. Tartean izango dira Munduko Sable Txapelketan aritutako Araceli Navarro, Sandra Marcos, Fernando Casares eta Pablo Moreno. Horiekin batera, modalitate horretako euskal ordezkari onenak ere kiroldegian egongo dira: Enrique Solis, Igor Zubizarreta eta Maria Jose Padura. Frantziako txapeldunak eta Vanessa Infante mexikarra (Munduko Txapelketan brontzezko domina) ere egongo dira partaideen artean.