Hogeita hamar bat postu jarriko dituzte etzi Bulebarrean, hilabeteko lehen igandearen etorrerarekin egin ohi duten bezala. Herritarrekin partekatuko dute euren lana.
Gipuzkoako Artisten Elkartean antolatutako tailerretako bat. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Aldapeta kaleko 20. zenbakian dago orain, Marianistas ikastetxearen parean. Lasaitasuna da nagusi bere pareten artean, sortzeko modurik onena delakoan. Gipuzkoako Artisten Elkartearen egoitzaz ari gara. Bertan biltzen dira elkarteko bazkideak, eta, herritarrei euren lana ezagutzera emateko asmoz, eta bazkide berriak erakartzeko xedearekin, ateak ireki zituzten duela pare bat aste, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren inaugurazio eguneko jardueren barruan.
Jardunaldia arrakastatsua izan zen oso, eta urte osorako duten programaren berri emateko baliatu zuten eguna. Urrutira joan gabe, hilabeteko lehen igandearen etorrerarekin, kalera irtengo dira etzi. Bulebarrean –Gipuzkoa plazan, euria eginez gero– hogeita hamar bat postu jarriko dituzte, 10:30etik 14:00etara, ohitura bilakatu duten arte azoka dela eta. 1970. hamarkadaz geroztik egiten dute.
Antolatu ohi dituzten arte tailerrek ere dute zer esana, horietako batzuk beste inon ez dituztelako egiten; Gipuzkoan ez, behintzat. Biluzien tailerra antolatzen dute astero, esaterako, emakume zein gizonezko modeloekin. Grabatuak, akuarela, marrazkia, pintura eta erretratoak ere jorratzen dituzte aukeran dauden beste tailerretan.
Berrehun bazkide inguru dituzte, eta, arduradunen esanetan, elkarteak oreka bat lortu du ekonomikoki zein bazkide kopuruan. Bidea ez da erraza izan, arazo ekonomikoak direla medio, diru laguntzarik gabe egon izanagatik ere. Artistak dira, ordea, eta sormernarekin aurrera egin dute.
Bazkide gehiago jasotzeko aukera eta erronka dute, tailerren ordutegia zabaltzeko arazorik ez luketelako, baina euren helburu nagusia beste bat da: kalitatezko tailerrak eskaintzea, beste guztiaren gainetik. Jakin badakite bazkideek tailerren kalitateagatik jotzen dutela elkartera.
San Telmon, sorreran
Elkarteak historia luzea du. Hain zuzen ere, Aldapetara duela hogei bat urte lekuz aldatu ziren bertako artistak, San Telmo Museoan egon eta gero. Izen handiko artistek sortu zuten elkartea, 1949. urtean. Arte eta Ofizioen Eskolaren desagertzearekin batera, artisten bilgune baten beharra ikusi zuten hirian.
Horrenbestez, hutsune hori betetzeko sortu zuten elkartea, Agustin Ansa, Vicente Cobreros eta Ricardo Barojaren eskutik. Pio Baroja idazle ezagunaren anaia izan zen lehen presidentea.
Hastapenean, Askatasunaren hiribideko Gaviria kafetegi historikoan biltzen ziren, 1954. urtea arte. Orduan lortu zuten berezko egoitza bat izatea; ez edonon, gainera. Izan ere, San Telmo Museoan egin zieten tartea.
Garaiko artista esanguratsuenek bat egin zuten elkartearekin, sorreratik: eskulturgileen artean Eduardo Txillida, Jorge Oteiza, Remigio Mendiburu, Nestor Basterretxea, Julio Beobide, Ricardo Ugarte, Angel Bados eta Andres Nagel izan dira elkarteko kide, besteak beste; ilustratzaileen artean, Chumy Chumez, Rafael Munoa, Ion Zabaleta, Laura Estevez eta Tomas Hernandez; pintoreen artean, Rafael Balerdi, Carlos Sanz, Amable Arias, Jose Luis Zumeta, Jose Antonio Sistiaga, Juan Luis Goenaga, Mari Paz Gimenez, Mari Puri Salvador, Mentxu Gal, Marta Cardenas… Hauek guztiak, elkartearen sorreraren lehen hamarkadetako artistei dagokienez bakarrik.