9.668 langabe daude hirian, urtebetean 1.117 donostiarrek lana lortu eta gero.
Eraikuntza arloan 123 lanpostu sortu zituzten 2015. urtean. Irudian, Martutene. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Berri onak eman zituen udaleko Ekonomia Bultzatzeko eta Enpleguko zinegotzi Ernesto Gascok, joan den abenduan. Iazko azaroan 9.926 langabe zeudela jakinarazi zuen, «2012ko abenduaz geroztik izan den kopururik txikiena».
Bada, Irutxuloko Hitzak 2015. urte osoko datuak eskuratu ditu, eta albiste onek bere horretan jarraitzen dutela esan daiteke. Izan ere, hiriak 9.668 langaberekin hasi du urtea, Lanbideren zerrendetan oinarritutako Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren Lan Behatokiak emandako azken datuen arabera; 1.117 langabe gutxiagoarekin, iazko urtarrilaren 1eko datuekin alderatuz gero.
Horrenbestez, milatik gora herritarrek aurkitu zuten lana iaz; horietatik 487 emakumeak dira eta 630, gizonezkoak.
Emakumeek 9.668 langabeen gehiengoa osatzen jarraitzen dute. 5.211 daude lanik gabe, 4.457 gizonen alboan. Aldea, txikitu beharrean, handitu egin da; datuak eskuetan, gizonek lana lortzeko erraztasun handiagoa izaten jarraitzen baitute, eta berezitasun horrek, urtez urte, berdintasun ezaren zuloa areagotzen du.
Lan arlo nagusiei dagokienez, Zerbitzuak arloak ditu langabe gehien Donostian, ohi bezala; 7.198 pertsona daude lanik gabe sektorean. Aldi berean, zerbitzuetan oinarritutako hiria izanik, arlo honetan sortu zituzten lanpostu gehienak iaz; 827 donostiarrek aurkitu zuten bertan lana.
Industriak, bere aldetik, 925 langabe ditu, urtebetean 128 lanpostu sortu eta gero. Eraikuntzan, berriz, 699 langabe daude hirian, iazko urtarrilaren 1ean baino 123 gutxiago.