«Nork bere identitatea modu libre batean eraiki behar du»
‘Rolak ukatu, harremanak eraldatu’ ikastaroa abian jarri dute Antiguan. Gazte eta nerabeengan eragin nahi dute, genero desberdintasunaren inguruko gogoeta pizteko.
Nahia Fernandez, Antiguako Talde Feministako kidea
Rolak, identitatea, generoa, indarkeria matxista, kontsumismoa… Genero ikuspegitik hainbat gai jorratzeko asmoz abiatu duzue ‘Rolak ukatu, harremanak eraldatu’ ikastaroa. Mugarik Gabe eta Antiguako Talde Feministak antolatu dugu elkarlanean. Txantxarreka gaztetxean elkartzen hasi gara ostiralero, eta gure helburua da generoaren inguruko hausnarketa piztea nerabe eta gazteengan. Urgentziaz landu beharreko gaia da, eta gazteen artean gai hau auzo mailan lantzea oso garrantzitsua da. Izenburuak dioen bezala, begirada bat eman behar diegu gure rolei, gure estereotipoei, jendartean jokatzen dugun paperari.. eta horri guztiari buelta bat eman nahi diogu ikastaro honen bidez. Nolakoa izango da ikastaroa? Tailer sorta bat da, eta eduki teoriko oso gutxi dauka. Eztabaidara bideratuta dago ikastaroa, eta hori lantzeko ikus-entzunezkoak erabiliko ditugu: telebistako serieak, iragarkiak… Gainera, taldeka, film labur bat egingo dute. Beraiek izango dira ekoizle, aktore, gidoilari eta zuzendari. Modu aktibo eta dibertigarri batean ikas dezaten lortu nahi dugu, ez dugu dramatismoz landu nahi. Joan den ostiralean elkartu ginen lehen aldiz, eta aurkezpena egin genuen. Oraindik ere izena eman daiteke, baina komeni da lehenbailehen etortzea. Jabetzen al gara gizarteak ezarritako rol horiez? Rol sexistak txikitatik eraikitzen dira, eta horrek dakar genero desberdintasuna eta indarkeria matxista. Ez baditugu aldatzen gizon eta emakumeon arteko harremanak, ezinezkoa izango da beste gizarte eredu bat lortzea. Gai hau landu izan duzue beste jarduera batzuetan. Nolako erantzuna izan du? Geroz eta hedatuago dago feminista hitzaren esanahia. Geroz eta jende gehiagok dio feminista dela, baina gaian sakontzen hastean, eta botere harremanak agerian geratzen direnean… Bada, hor ikusten da ez dela erraza gai hauetaz hitz egitea, benetan maila pertsonalean ukitzen zaituelako; finean, zure identitatea delako. Uste dugu gauza asko gainditu ditugula, baina oraindik hor daude. Oso garrantzitsua da bakoitzak bere buruari begiratzea, eta maila pertsonaletik aldatzen hastea. Asko dago egiteko? Oraindik ez gara ohartzen honek guztiak duen dimentsioaz. Generoak eragiten digu bizitzaren arlo guztietan. Indarkeria matxistak eragindako kasu bortitzak ikusten ditugunean alarma pizten da, baina hori izerbergaren punta besterik ez da. Gainera, azken urteotan zabaldu da berdintasun faltsuaren ideia. Lortu dugu lan munduan sartzea, legeak daude indarkeriaren kontra… Eta beste guztia uste dugu naturala dela: gizonak biolentoagoak direla, adibidez. Patriarkatuaren helburuetako bat izan da berdintasuna lortu dugula sinestaraztea, baina hainbat esparrutan agerian geratzen da desberdintasuna. Zein espazio hartzen dute neskek jolastokian? Edo… nola hartzen dugu besoetan haur txiki bat neska bada? Zer esaten diogu? Zein koloretako jantziak jartzen dizkiogu? Egunerokoan sakonduko duzue, aldaketa eragiteko. Bai, gogoeta sakonago batera iritsi nahi dugu. Kontsumo ohiturei buruzko tailer bat daukagu. Genero ikuspegitik begiratuko diegu, sistema kontsumistak desberdin eragiten digulako gizon eta emakumeoi. Kontsumismoak desberdintasuna elikatzen du. Etxean nork erabakitzen du zer erosten den, eta nork erosten du? Adibide gisa, gizonezkoek autoak, teknologia eta bidaiak ere erabakitzen dituzte. Kostu handia duten gauzak erabakitzen dituzte. Gazteek generoaren inguruko hezkuntzarik jasotzen al dute eskolan? Horrelako gaiak ez dira lantzen. Sexologia apur bat lantzen da, baina ikuspuntu oso heterosexista batetik. Esfortzu politikorik ez da egiten, eta garrantzitsua da ikasgelan ere gogoeta hau piztea. Jende gehiagorengan eragiteko bidea izango litzateke. Zergatik da garrantzitsua rol horiek desegitea? Bakoitzak libre izan behar du nahi duena izateko, zure sexuak ezin zaitu baldintzatu. Hori da aldatu behar dena. Askotan ematen du emakumeok agresiboagoak izan behar garela lan munduan. Eta hori ez da guk bilatzen dugun aldaketa. Bakoitzak bere identitatea modu libre batean eraiki behar du, sexuen araberako irizpiderik gabe. Ezarritako rol horien arabera, gizona ausarta da, lehiakorra, zaintza lanen inguruan ez du ardurarik, indartsua da. Emakumea, berriz, ahulagoa da, zaintza lanak bere ardura dira, segurtasunik ez dute bere buruarengan. Horiek dira ukatu nahi ditugun rolak. Emakume gehigok parte hartzen al dute horrelako ikastaroetan? Bai, normalean neskak izaten gara gehienak. Rol sexisten zamarik handiena guk daramagu. Botere harremanetan beraiek dituzte pribilegioak. Sistemak gizonak saritzen ditu. Guretzat errazagoa da desberdintasunaz jabetzea egunero bizitzen ditugulako. Lanketa handia egin behar da, eta lanketa egiteko prestutasuna izan behar du jendeak, eta mutil askok ez dute pauso hori ematen. Feminismoaren aurkako jarrerak ere piztu dira. Zergatik? Bat-batean feminismoak esaten dizu, ‘hau gezurra da, ez da horrela’. Identitatean eragiten du, eta horretaz konturatzea mingarria da, ez dute ikusi nahi. Gizonezkoei min gehiago egiten die, konturatzen direlako betidanik izan dituzten pribilegio horiek ez direla naturalak, sozialak direla. Edozein eraldaketa sozial ematen denean, boterea duenak ez du boterea utzi nahi, historian zehar eman diren hainbat iraultzatan ikusi dugu.