Kantu eta dantza artean ospatu dute inauteri pirata
Donosti Berri elkartean bazkaldu ondoren, kalejiran joan dira Parte Zaharrera.
Ileorde, betaurreko handi, eta praka deigarriak. Lehoiak, elefanteak, katuak eta txakurrak. Minions pila, Doraemon eta beste pailazo pila… Denetarik ikus daiteke egunotan Donostiako kaleetan. Gainera, piura ez ezik, aldartea ere aldatu ohi da inauterietan. Izaera mozorrotzen ez da hain erraza, ordea, eta Donostiako Piratek beste ikuspegi batetik begiratu diote jaiari gaurkoan ere.
Etorkizunari begira jarri dira, eta mende bat egin dute aurrera. Nolakoak izango ote dira donostiarrak 2116an? Horixe Piratek inauterietarako proposatu zuten gaia, eta erantzun batzuk ere erakutsi dituzte: nortasunik gabeko pertsonak batzuk; turistak beste batzuk, baina itsaspekoak, halakoak izango omen dira eta etorkizunekoak; kultur hiriburutza, zaborrak, metroa…. Galdera askotxo egun bakarrean erantzuteko, Jordi Hurtado bera horretan saiatu bada ere.
Ehun urte barru ere Donostian Piratak izango direla, hori behintzat berretsi dute gaurkoan. Inauteriak elkarrekin ospatzeko asmoz elkartu dira Donosti Berri elkartean. Bertan bazkaldu eta Beñat Gaztelumendi eta Izarne Zelaia bertsolariek giroturiko bazkalostearen ondoren, Parte Zaharreruntz abiatu dira. Lehenik, nola ez, talde argazkia, Easo plazako kioskoan.
Kantu eta dantza artean iritsi dira Alderdi Ederrera. Eta han agerian geratu da berriro ere inauteriaren anitza; inauteriaren kolore saltsa. Erdialdeko kaleetara zihoazen konpartsa handiak. Piratek, ordea, Parte Zaharrera jo dute. Hantxe agurtu ditu IRUTXULOKO HITZAk. 2116. urtea urrun dagoelako oraindik, eta dena kontatzea ez delako komeni izaten…