Bide berri bat ireki dute Papinen, sarrerak eta irteerak bermatzeko
Irisgarritasun arazoak gaindituta, Plan Orokorrean egin beharreko aldaketak aldarrikatu dituzte industriaguneko enpresek, jarduera ekonomiko berriei atea irekitzeko.
Goia: “Lehen urratsa”
Eneko Goia alkatea bide berriaren irekieran izan zen astelehenean, gainerako ordezkari politikoekin batera. Plan Orokorraren aldaketa zehatz bat egitea nahikoa dela uste du Goiak, eta horretarako prest agertu da. Dena dela, 500 metro eskasek inguruan eragingo duen onura nabarmendu du alkateak, “industriaguneko langileek sarrera-irteera duin bat” izango dutelakoan. Industriagunea biziberritu eta garatzeko “lehen urratsa” egin dutela berretsi du.Hirigintza plana aldatzea ezinbestekoa da enpresa berriak erakartzeko”, Miguel Garcia Andoin, Papin-Molinaoko enpresarien elkarteko presidentea.Ze onura ekarriko dizkizue bide berriak? Abantaila handiak ekarriko dizkigu, ez dago dudarik. Kamioi ertainek maniobra pare bat eginda zeharkatu dezakete Pitxitxuloko zubia, baina kamioi handiek ez. Horrelako kasuetan gu geu atera behar izaten dugu industriagunetik eta materialeak ekarri. Horrek gastu bat ekartzen digu. Gure langileak bidali beharra dauzkagu kamioi txikiago batekin behar ditugun materialeak ekartzeko. Industriagunean zerekin egiten duzue lan zehazki? Altzairuzko piezak egiten ditugu, eta material handiak erabiltzen ditugu normalean. Garraiolariek badute aldaketaren berri? Bai, zain daude denak. Oraingo egoera oso prekarioa da, eta kamioilarien artean nahaste handiak sortzen ditu Papin-Molinaoko industriagunerako bideak. Batetik, autobidean 16 tonako ibilgailuentzako debekua adierazten zuen oharra ikusten dute. Eta Pasai Antxoko biribilgunean, berriz, 8 tonakotik gorakoentzako debekua. Honera 30 tonako kamioiak ere etortzen dira, baina askotan deitzen digute pasa daitezkeen ala ez galdetzeko; batez ere atzerritarrek deitzen digute horretarako. Zubia da puntu larrienetariko bat, ezta? Bai, baina Eskalantegi kalea zeharkatu beharra ere ez da oso erosoa izaten kamioi handientzako, egia esan. Baina zubiak sortu ditu arazo larrienak, bai. Askotan gelditu izan dira bertan trabatuta, ezin aurrera, ezin atzera egin. Horrelako sarrera-irteera bat duen beste industriagunerik ez dut ezagutzen. Irisgarritasun mugak gaindituta, uste duzu Papin-Molinaoko industriagunea indartuko dela lanen ostean? Bai, horrela jarraituta etorkizun beltza genuen. Sarrera berria lehen pauso bat da aurrera egiteko, baina baldintzak aldatu behar ditugu benetan dagoen interesari erantzun egokia emateko. Orain oso mugatuta gaude, Donostiako Udalak ez duelako ezertarako baimenik ematen. Hirigintza plana aldatzea ezinbestekoa da egoera desblokeatu eta enpresa berriak erakartzeko, baita bertan lan egiten dugunok duintasunez aritzeko ere.