Atotxako geltokiak astebete darama zabalik, eta, autobusak beharrean, bizikletak dira albiste: Kalapiek salatu du aparkalekurik ez dagoela; udalak, aldiz, egokituko dituela jakinarazi du.
Eneko Goia alkatea, ezkerrean, autobus geltoki berriaren inaugurazioan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Atotxako autobus geltokiak ateak ireki zituen asteburuan, hainbat buruhausteren ostean. Herritar ugari hurbildu ziren inauguraziora –ikus 3. orrialdeko argazkiak–, azpiegitura berria bertatik bertara ezagutzeko. Bada, liskarrak ez dira amaitu, donostiar guztiak ez baitira pozik geratu. Izan ere,
Kalapie hiriko txirrindularien elkartea kexu da autobus geltokia bizikletentzako zerbitzurik gabe ireki dutelako. Salaketa bera egin du
EH Bilduk.
Udaleko Mugikortasun saileko zinegotzi Pilar Aranak kritikei erantzun die, eta geltokiak bizikletentzako zerbitzua izango duela nabarmendu dio IRUTXULOKO HITZAri. Aranaren hitzetan, “
autobus geltoki berria zerbitzu guztiekin inauguratzea izango litzateke perfektua, hala da. Baina, erabiltzaileek geltoki eroso bat merezi dutela uste dugulako, lehentasuna eman diegu autobusei”. Mugikortasun saileko arduradunaren esanetan, “hala ere, horrek ez du esan nahi bizikletekin ahaztu garenik; denbora kontua izango da. Autobus geltokiak bizikletentzako zerbitzu egokiak izango ditu”.
Urbanizazio lanak direla eta, Dbiziren geltokia kendu zuten Atotxatik, baina hilabete edo hilabete eta erdian berriro erabilgarri egongo dela jakinarazi du Aranak. Renfeko geltokiaren parean jarriko dute, taxien ondoan, iturria dagoen plazan. Bestetik, autobus geltokira jaisteko geltokiaren ondoan ere bizikleta pribatuak lotzeko gune bat ere badago.
Autobus geltokiaren barrualdean jarriko duten bizikleta geltokiak, berriz, gehiago itxaron beharko du. Espazioa bera zehaztuta dago, eta nolako sarrera izango duen ere bai. Gunea ixtea falta da, eta zerbitzuak zehaztea. Baina Aranak aurreratu duenez,
gune zabala izango da, hainbat pisutan bizikletak uzteko lekuarekin, eta konponketa txikiak egiteko gune bat ere jartzea aurreikusi dute.
Hala, Aranaren ustetan, bere osotasunean bizikleta erabiltzaileentzako zerbitzu egokiak eskainiko ditu Atotxako geltokiak.
Federico Garcia Lorca kaleko markesina ere aipatu du mugikortasun zinegotziak. Bidegorri erdian kokatu duten markesina zeresana ematen ari da sare sozialetan. Aranak onartu du ez dela egokia, eta une honetako irudia oso txarra dela. Kursaal parean gertatzen den moduan, bidegorria desbideratuko dute markesinaren atzetik, baina “gero ere ez da ondo geratuko”, esan du Aranak.
Kalapiek, bere aldetik, “haserrea, etsipena eta harridura” agertu ditu Atotxako autobus geltoki berria bisitatu eta gero. Hain justu, bizikletentzako aparkalekurik ez dagoela salatu du: “Gaur egun, oso zaila da munduko edozein lekutan autobus geltoki berri bat aurkitzea bizikleta aparkaleku egoki bat eduki gabe. Horregatik, egoera honek harritu egiten gaitu, Donostia urte askoan eredugarri eta aitzindari izan denean bizikletarentzako azpiegituratan eta erabileraren sustapenean”.
Europako Kultur Hiriburutzaren urtean bizikleta “ibilgailu ofiziala” izango zela iragarrita zegoela gogora ekarri du elkarteak. Horregatik, ez du ulertzen bizikletentzako espaziorik gabe autobus geltokia inauguratu izana.
Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Donostiako Udalari eskatu die “esaten dutenarekin koherente izateko”, eta bizikletaren inguruan duten jarrera aldatzeko: “Aldundiarentzat eta udalarentzat bizikleta ez da existitzen. Amara Berriko lurrazpiko aparkalekuari ez, Atotxako autobus geltokian bizikletei ez, bizikleta publikoa auzo garaienetara eramateari ez, eta aldundiaren aldetik bizikleta azpiegiturentzako aurrekontu duin bati ezezkoa eman diote”.
EH Bildu: “Harrigarria”
EH Bilduk ere hitz egin du sortutako ika-mika dela eta. Autobus geltoki berria abian jartzea “oso albiste ona” dela adierazi du koalizioak, baina bizikletentzako lekurik gabe inauguratu izana “tristea eta harrigarria” dela esan du Axier Jaka zinegotziak: “Bizikleta propaganda egiteko bakarrik erabiltzen du udal gobernuak; itxura egiteko”.
Jaka oso kritiko agertu da udal gobernuaren jarrerarekin: “Euren hiri ereduan mugikortasun iraunkorra ez da lehentasuna”, esan du. “EAJk eta PSE-EEk bizikletaren erabilera ez sustatzea erabaki dute”, zehaztu du.
Autobus geltokiko bizikleten gunearen aurreproiektua abuztuaz geroztik mahai gainean izan dutela salatu du EH Bilduko ordezkariak, baina ez dutela ezer egin berretsi du: “Borondate falta da arrazoi bakarra”.
Atotxako egoera adibide bat besterik ez dela nabarmendu du. Aurreko legegintzaldian onartutako hainbat bidegorri proiektu gelditu dituela udal gobernuak jakinarazi du Jakak: Aiete, Añorga Txiki eta Loiolako pasabidekoa, kasu. Mirakruz-Ategorrietarako bidegorri proposamena ere atzera bota dutela dio Jakak.
-
-
Herritarrak, geltokia bisitatzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
-
-
Jendea, eskailera mekanikoetatik jaisten. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
-
-
Geltokiko pantailetako bat. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
-
-
Dbusen 44 linea berriko autobus elektrikoa. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
-
-
Geltoki erdian dagoen pilarea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)