Kultur eskaintzarik ez zegoen garaian jaio zen Eragin elkartea, emakumeak etxetik atera eta euren ezagutza zabaltzera bultzatuz; 50 urteren ostean, hitzaldiak eta irteerak antolatzen jarraitzen dute.
Mari Karmen Urbizu, Mertxe Aldanondo eta Olatz Zumalabe; Eragin elkartea.
Mari Karmen Urbizu, Mertxe Aldanondo eta Olatz Zumalabe.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Ehun bazkide inguru ditu Eragin elkarteak, Donostia zein inguruko herrietakoak. Bertako hiru kiderekin egon da Irutxuloko Hitza: Mari Karmen Urbizu (Erdialdea, 1948) eta Olatz Zumalabe (Erdialdea, 1948) zuzendaritzako kideak, eta Mertxe Aldanondo (Urnieta, 1941) bazkidea. Aurten, Wroclawera joateko plana ere egin dute, Donostiarekin Kultur Hiriburutza elkarbanatuko duen hiria ezagutzeko.
Promocion Femenina izenarekin jaio zen elkartea. Nolakoa izan zen hasiera hura?
Mari Karmen Urbizu (M. K. U.): Behar bat sortu zen gizartean. Ordura arte ezkondu eta etxean geratzen ziren emakumeak, batzuk zerbait gehiago nahi zuten, eta mugitzen hasi ziren. Aurreko batean, lagun batek kontatu zigun bere etxean oso berezia izaten zela ama joaten zen momentua; askaririk gabe geratzen ziren eta aita erdi haserre egoten zen.
Olatz Zumalabe (O. Z.): Lidia Cabestany hasi zen elkartean, Peio Ruiz Cabestany txirrindulari ohiaren ama. Kataluniakoa da, eta handik ekarri zuen ideia; gu baino askoz ere aurreratuagoak zeuden. Gero, Luz eta Sol Miranda sartu ziren. Luzek La voz de España egunkarian lan egiten zuen, eta handik egin zuten publizitatea. Francoren garaia zen, kultur mailan ez zegoen ezer ere eta emakumeek gizonen baimena behar zuten edozertarako. Beraien eginkizuna zen etxea, umeak eta gizona zaintzea. Badakigu gizon askok emazteei esaten zietela ea zertarako joan behar zuten, ez zutela beharrik.
Hasiera hartan zer eskaintzen zuen elkarteak?
O. Z. : Hitzaldiak eta ikastaroak, mota guztietakoak: brikolajea, mekanika, josketa, lorezaintza, protokoloa… baina hori lehenengo urteetan izan zen. Garai hartan dena elizaren menpe egin behar zen eta lehen bazkideak Accion Catolicakoak izan ziren, elkarte indartsua zen hori.
Eta non izaten ziren jarduerak?
O. Z. : Profem edo Eragin izan, elkarteak sekula ez du izan ez hitzaldi aretorik eta ez bulegorik. San Bartolome ikastetxean hasi zirela uste dut, eta Ama Arrazola moja izan zen arte irakaslea. Handik Nazareten Arrasate kaleko egoitzara igaro ziren; gero, Easo kaleko Reparadoras mojetara, eta, azkenik, Jesuitetara. Dokumentazio guztia etxe batetik bestera ibili da, eta, momentu honetan, hiru karpeta besterik ez dauzkagu.
Eragin izena 1981ean hartu zuen, ezta?
O. Z. : Bai, Profem izenarekin hamabost urtez iraun zuen. 1974an mirandatarrek utzi egin zuten, Club de arte Catalina de Erauso sortzeko. Cabestanyk elkartean jarraitu zuen 1980 arte; bere senarra Bartzelonara joan zen, eta bera joan-etorrian ibili zen, utzi zuen arte. Orduan, bazkide batzuek Eragin sortzea erabaki zuten.
M. K. U. : Esaldi txiki bat zuen elkarteak, Haciendo camino, edo horrelako zerbait, eta euskarazko izen batean pentsatzean horrekin lotu zuten.
Emakumeentzat bakarrik da elkartea orain ere?
O. Z. : Behin ere ez da mugatu, beti irekia izan da.
M. K. U. : Gizonei irekia dago, baina hiru bazkide gizon bakarrik ditugu.
Kultur jarduera asko daude gaur egun, zerk desberdintzen zaituzte?
O. Z. : Goizetan edo arratsaldeko zazpi eta erdietatik aurrera gauza asko daude, baina, bostetan ez. Gure balorea hor dagoela uste dut. Bazkalondoan, telebistan edozer ikusteko, sofan eseri beharrean, Eraginera datoz andreak.
Zein da zuen eskaintza?
O. Z. : Azken hogei urteetan, hitzaldiak antolatzen ditugu, astearte eta ostegunetan. Hilean behin, irteera bat ere egiten dugu, Lizarran asteburu pasa, San Bizente elizan organoaren erabilera ezagutu, edo museo edo erakusketaren batetara joaten gara, adibidez.
Zeren inguruko hitzaldiak izaten dira?
M. K. U. : Denetik. Kazetaritza, filosofia, osasuna, geologia, geografia, zinema, historia… Adituak ekartzen ditugu, eta ordubete inguruan aritzen dira; Harkaitz Cano, Mariasun Landa, Mari Carmen Gallastegi edo Jose Luis Rerbordinos ekarri ditugu, esaterako. Denak bertakoak izaten dira, eta gero eta emakume gehiago ekartzen ditugu.
O. Z. : Hitzaldietara 70 bazkide etortzen dira batez beste. Gazteenek 50 bat urte dituzte, eta zaharrenak ehun urte izango ditu.
Orduan badaude elkartean urte asko daramatzatenak?
O. Z. : Bai, lehen gehienek hogehita hamar urte zituzten, eta askok jarraitu dute. Badaude 40 urte daramatzatenak elkartean.
Nolatan hasi zinen Eraginen, Mertxe?
Mertxe Aldanondo (M. A.): Aspalditik ezagutzen nuen elkartea, baina nik ikasteko gogoa nuen eta pinturan ibili naiz. Orain, ordea, ez zait gustatzen berandu etxeratzea, eta horrela hasi nintzen, duela sei hilabete. Maila handiko jendea etortzen da hitzaldiak ematera, eta asko ikasten ari naiz. Gainera, meritu handia dute zuzendaritzakoek, oso profesionalak dira.
Zertarako balio dizu?
M. A. : Arazoen aurrean adi egoten laguntzen digute, eta zahartzaroa interesgarriagoa egiten digute. Bestela etxean geratzen zara, telebistak dioena bakarrik entzunez.
Zuzendaritzak lan asko ematen dizue?
O. Z. : Bai, lekukoa pasa nahi dugu, baina ez dugu lortzen. Egia esan, aurreko zuzendaritzakoak ez ziren euskaldunak, eta gu sartu ginenetik konturatu gara euskaldun asko daudela, eta giroa aldatu egin da.
Zer nolako etorkizuna ikusten duzue?
O. Z. : Bazkideen aldetik badago erreleboa, aurten ere hogei berri sartu dira. Pentsakera desberdinetako jendea dago gainera, eta giro onean. Zuzendaritza lanean dago arazoa.
Zerbait berezia egingo duzue urteurrena ospatzeko?
O. Z. : Liburu bat egin nahi dugu. Elkarrizketak egin ditugu Lidya Cabestanyrekin, Miranda Luzekin, eta zuzendaritza taldean egon diren guztiekin. Koldo Mitxelenan hamaika hitzaldi antolatu ditugu aurten, irekiak, eta horietako hiru euskaraz izan dira. 2016rekin ere zerbait prestatzen ari gara ospakizunerako, euren egoitzan, urte bukaerarako.