Errauste planta egiteko hainbat kokaleku aurreikusi dituzte, 2003. urteaz geroztik. Landarbasok Udalbatzaren argi berdea jaso zuen duela hamar urte, hiriaren historian izan den udalbatzar liskartsuenetako batean.
Udaletxean liskar handiak izan ziren. (Argazkia: Raul Perez)
Gipuzkoan, errauste planta bat eraikitzeko proiektua 2003an jarri zuten mahai gainean lehen aldiz, Urnietan egokitzea aurreikusi eta gero.
Urtebete geroago, Gaintxurizketako Zaldunborda eremuan eraikiko zutela jakinarazi zuten, eta albisteak zalaparta handia sortu zuen Txingudi badian. Besteak beste, mediku talde bat egituratu zuten azpiegiturak ekarriko lituzkeen osasun arriskuei buruz ohartarazteko.
Hamabi urte geroago, mediku talde hori berriro azaldu da komunikabideen aurrean, Zubietarako proiektatutako errauste planta dela medio.
Zubietakoa, baina, ez da Donostiari dagokion lurretan planteatutako lehen proiektua. Aurretik, duela hamar urte, agintariek Landarbaso aukeratu zuten errauste planta eraikitzeko. Orduan ere liskar handiak piztu ziren, 2006ko ekainean egindako udalbatzarra adibide.
Hiriaren historian egon den saio liskartsuenetako bat izan zen, eta, bertan, errauste planta Landarbason kokatzeko erakunde adierazpena onartu zuten, PSE-EEren ekimenez, EAJ eta EAren babesarekin.
Ezker Batuak aurka bozkatu zuen, eta PP abstenitu egin zen. Ezker abertzalea legez kanpo zegoen garai hartan, eta Baga Boga plataformak ezin izan zuen erabakiaren kontra bozkatu; bai, ordea, bere haserrea adierazi: «Oso argi geratu da berriro alderdi politikoen interes partikularrak eta herritarren interesen defentsa oso urruti daudela».
Bertan behera
Udalbatzar hura, baina, historikoa bilakatu zen herritarrek egindako protestagatik. Saioak 16:00etan hasi behar zuen, eta, 15:30erako, 300 lagun inguru zeuden Ijentea kalean, errausketaren kontrako hainbat pankartekin. Eguzki eta Ekologistak Martxan taldeak, errausketaren kontrako plataformak, Landarbasoko bizilagunak… Talde askoren ordezkariak eta hainbat herritar elkartu ziren. 16:00ak izateko minutu gutxi falta zirenean, udaletxe atarira joan ziren denak. Udaltzaingoak ez zien sartzen utzi, ordea; gutxi batzuk besterik ez ziren sartu, udaltzainei izkin eginda.
Udalbatzar aretora sartzea lortu zutenek protesta egin zuten, herritar asko kanpoan sartu ezinik zegoela esanez. Oihuak zirela eta, bertan behera utzi zuten udalbatzarra, eta Bozeramaileen Batzordea elkartu egin zen, saioarekin jarraitu ala ez erabakitzeko; bitartean, udaletxe atarian zeudenak barrura sartzen hasi ziren, banan bana.
Zinegotziek berriro ekin zioten udalbatzarrari, baina, handik minutu gutxira, bertaratutakoen oihuengatik ezin zutela jarraitu esan eta berriz ere bertan behera utzi zuten. PSE-EEko Alberto Rodriguezek eta Odon Elorza alkateak berak eztabaida beroak izan zituzten zenbait herritarrekin, aretoa utzi zutenean. Aretotik ateratzeko arazo gehien EAJko eta EAko zenbait zinegotzik izan zuten; ez baitzieten bertatik alde egiten utzi nahi. Harkaitz Millan EAko zinegotziak, hala ere, udalbatzar aretoan geratzea erabaki zuen.
Aretoan ziren herritarrek, ondoren, batzar laburra egin zuten; tartean ziren Baga Bogako hautetsiak eta Harkaitz Millan zinegotzia. Errausketaren aurkako plataformetako kideek herritarren laguntza eskatu zuten errauste plantaren proiektuaren kontra egiten jarraitzeko.
Udalbatzar aretoan elkartutakoek berehala jakin zuten zinegotziak beste areto batean ari zirela udalbatzarra egiten, eta Alderdi Ederrera joan ziren protesta egitera: eserialdia egin zuten. Haatik, udaletxera itzultzea erabaki zuten, eta zinegotziak udalbatzarra egiten ari ziren tokira sartzen ahalegindu ziren. Tentsio izugarria izan zen momentu hartan, udaltzainak eta herritarrak borrokan hasi baitziren elkarren aurka.
Kristalak ere puskatu ziren tirabiretan, eta udaltzainek espraia erabili zuten herritarren kontra. Jarraian, Ertzaintzak aterarazi egin zituen udaletxean protestan ari ziren guztiak; 19:00ak aldera, etxera joan ziren. Udalbatzak erabakia hartu gabe zuen oraindik.