Tortura irudikatu du Mikel Zabalza Herri Ekimenak
Altzako udaletxe ondoan egin dute, torturaren aurkako egunaren harira.
Joxe Arregi zizurkildarraren hilketaren urteurrena oroituz, torturaren kontrako eguna ospatzen da gaur, otsailaren 13an. Bada, horren harira, Altzako Mikel Zabaltza Herri Ekimenak elkarretaratzea egin du. Gainera, torturak suposatzen duena islatu nahi izan dute, pairatu dutenen sentipenak besteei irudikatzeko.
Arregi hamar egunetan tortura jasan ostean hil zela gogoratu du Joxe Ramon Zapirainek, Mikel Zabalza Herri Ekimeneko kideak. Gertaera harrek torturaren aurkako indarra piztu zuen Euskal Herrian, eta gaur egun arte mantendu da. “Horren ondoren, tortura eguneroko tresna zela ikusi genuen, eta, beste maila txikiagoan bada ere, jarraitzen du izaten. Beraz, tortura estatuak erabiltzen duen ezinbesteko tresna da; atxilotutakoei informazioa ateratzeko asmoz. Hortan datza torturaren iraupena”, nabarmendu du Zapirainek.
Informazioa lortzeko eta izua zabaltzeko
Modu horretan, Mikel Zabalzaren kasua ere ekarri du gogora, 1985eko azaroaren 26an atxilotu zutenetik sufritu zuen tortura azpimarratuz: “Berarekin batera atxilotu zituzten guztiak bortizki torturatuak izan ziren, eta batzuk bi-lau egunetara askatu zituzten. Horrek esan nahi du ez zutela deliturik egin. Baina Guardia Zibilak sarekadak egiten zituen informazioa lortzeko eta izua zabaltzeko. Mikel Zabalza torturaren bidez hil zuten”.
Urteak pasata ere, aldarrikatu dute torturapean hildako lagunek ez dutela inoiz izan ez aitortzarik, ez egiarik, ez justiziak, ez eta erreparaziorik ere. “Are gehiago, kasu gehienetan ez da egon inongo erantzukizunik; ez dute ordaindu egin zutenagatik”. Horri aurre egiteko, Mikel Zabalza Herri Ekimena sortu zuten Altzan, bere kasua “behingoz argitu dadin”.
Udalari egindako eskaerak ez du erantzunik jaso
Horren baitan, duela hiru hilabete inguru mozio bat aurkeztu zuten, “Donostiako agintariei eskatuz beraiek busti zitezen, egia, justizia, aitortza eta erreparazioaren bidean”. EH Bildu, EAJ eta Irabaziren botoekin. Oraingoz ez dutela erantzunik jaso adierazi dute; horregatik, atzo beste eskaera bat aurkeztu zuten udaletxean. “Ez dakigu ekimenen bat hasiko den. Gure nahia hori denez, atzo bertan egin genuen alkatearekin elkartzeko eskaera. Bi hilabete eta erdi pasa dira eta Mikel Zabalza Herri Ekimena eta dBuseko langileen iritziz, biltzen hasteko garaia da, aipatutako ardatzen inguruan hausnarketa abiatzeko”, eskatu du Zapirainek.
Aste honetan, baina, beste mota bateko erantzuna izan dutela azaldu dute. Mikel Zabalzaren oroimenez mural bat margotu zuten duela hilabete batzuk, baina aste honetan udal langileek ezabatu dutela salatu dute: “Hain justu gaurko ekitaldiaren bezperan, Mikel Zabalza gogoan mantentzen zuen irudia ezabatu dute. Halere, herriak berriro erantzun du eta ‘Mikel Gogoan’ margotu du”.