Caritasen Donostiako lau egoitzatan barrena Aldaba Joka! ibili dira hogei lagun inguru. Langileen eta boluntarioen beraien eskutik euren eguneroko lanaren berri izan dute.
Hotzaldin, gauero, etxerik ez duten 47 lagunek egiten dute lo. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Aldaba joka! izeneko bisita gidatua egin zuen Caritasek, Jon Odriozolaren eskutik, asteazken arratsaldean. Donostiako lau egoitza ezagutu zituzten 20 lagun inguruk, Caritaseko langileen eta boluntarioen beraien azalpenekin. Intxaurrondo eta Herrerako honako guneak bisitatu zituzten: Hotzaldi, Laguntza Etxea, Lamorus eta Zurekin Bat. Egoitza bakoitzak bere berezitasunak ditu, eta guztiak daude nolabait lotuak. «Hau ere Donostia da, ez agian postaletakoa bezain polita», azaldu zuen Odriozolak.
Donostiako kaleetan bizi ziren 87 lagun zerrendatu zituzten 2014ko urrian egindako azterketan. Egun, Caritasen egoitza guztiak beteak daude, eta itxaron zerrenda luzea da.
Hotzaldin egin zuten bisitaren lehen geltokia. Etxerik gabeko departamentuaren inguruan aritu zen Jose Antonio Lizarralde Pottoko. Departamentuaren muina Aterpen dago, Amaran, hor daude egoera txarrenean daudenak. Aterpetik eta Laguntza Etxetik bideratzen dituzte etxerik ez dutenak Hotzaldira. Intxaurrondo Zaharrean dago Hotzaldi. 2005etik 2013ra Familia Santuaren mojen elizan zegoen, eta azarotik martxora irekitzen zuten. Konturatu ziren erabiltzaileek energia gehiago izaten zutela euren bizitzetan aurrera egiteko, gustura lo egin ostean. Hala, 2013an, Hotzaldi urte osoan irekitzen hasi ziren, eta 2015eko abuztuan lekualdatu zuten Notre Dameko ahizpen egoitzara.
Orain, 47 lagunek egiten dute bertan lo gauero –horietako %15 emakumeak–, bi boluntario eta hezitzaile batekin batera: «Denek leku berean egiten dute lo, berdintasun kontuengatik», dio Pottokok. Erabiltzaileak 21:00etatik 23:00etara sar daitezke, garbitu eta zerbait jan, eta 23:30ean lotara joan behar izaten dute; ondoren, 7:30 eta 8:15 bitartean gosaria ematen diete. Erabiltzaile guztiek oinak garbitu behar izaten dituzte Hotzaldira sartzeko, eta galtzerdi garbiak eta toalla bana jasotzen dituzte. Dutxatzeko aukera ere izaten dute: «Kalean bizi den jendea izateagatik ez du esan nahi gatazka gehiago daudenik euren artean, beraiek dira interesatu handienak hemen gustura egoteko». Boluntarioen lana azpimarratu du Pottokok. Zehazki, Etxerik gabekoen sailaren barnean 270 boluntario baitituzte: «Etengabe eskatzen dizkiet mesedeak boluntarioei, eta erantzuna beti baiezkoa da. Gainera, erabiltzaileek asko eskertzen dute».
Lana eta aisia ere bai
Bisitaren bigarren geltokia Immigrazio saileko Laguntza Etxea izan zen, metro batzuk aurrerago. 2002an sortu zuten, eta Maitane Ara eta Jon Sardon gizarte langileek eman zituzten azalpenak: «Caritasen gainontzeko ataletatik desberdinena da. Momentu honetan, jantoki sozial bat dugu, kalean zein euren etxean bizi diren lagunentzat. Egunean 100 lagun edo gehiago pasatzen dira hemendik, eta helburua euren egoera hobetzen laguntzea da», azaldu zuen Sardonek. Krisiagatik lana galdu duten pertsona asko igarotzen dira bertatik, eta gizarte langileen eskutik helburu batzuk finkatzen dituzte. Gehienak Maroko, Nigeria eta Pakistangoak dira; euren egoeraren arabera, gauza desberdinak egiten dituzte, Laguntza Etxean bertan edo hortik kanpo: Gaztelera eskolak jaso, ikastaroetara joan, ikasketa tituluak lortu, lana bilatu… «Euren etxea da askorentzat, eskutitzak jasotzen dituzte, arropa garbitzen dute, telefonoa kargatzen dute, dokumentazioa lortzen laguntzen diete…», gehitu zuen Sardonek. Badaude ere 130 lagun inguru, 12:30etik 13:30era elikagai poltsak jasotzen dituztenak, baita bertan bazkaltzen duten 80 bat lagun ere. Egoera konplikatuagoak dituztenentzat etxebizitzak ere badituzte, eta bizitza normalizatuago bat lortzen laguntzen diete. «Euskadiko biztanleria oso heldua da, eta immigranteen beharra izango dugu. Bestela, urte gutxi barru sistemari eustea ezinezkoa izango da». Arak gogorarazi zuen oinetakoak eta motxilak behar izaten dituztela, eta bertara eraman daitezkela.
Lamorus guneko boluntarioa da Santi Zabaleta. Etxerik gabeko lagunek egiten dute lan bertan, enpresentzako lan txikiak eginez. Hemeretzi dira, eta guztiak ere 45 eta 50 urte artekoak dira: «Lan errazetatik abiatuta, ikasi eta euren autoestima hobetzen dute; eta lanagatik irabazitako dirua banatzen diegu», zehaztu zuen Zabaletak. 9:00etan sartzen dira lanera, eta arratsaldeetan, gehienak ikastaroetara joaten dira.
Zurekin Bat gunean bukatu zen bisita, aisialdi gunean. Bertan, lehorrean, lasai egoteko aukera izaten dute. «Hona etortzen direnek boluntarioekin bat egin eta aisialdi normalizatu bat izatea da helburua, hemendik kanpo», azaldu zuen Jon Odriozolak.