Ane Urrutikoetxea: 'Alerta laranja'
Neguari iristea kostatu zaio, eta hemen dugu azkenik. Otsailean ugariak izan dira alerta laranjak, olatutzarrak lehenik eta haizete eta eurijasak ondoren. Donostiarroi izugarri gustatzen zaigu eguraldiaz hitz egitea; alerta laranjak sekulako ikusmina sortzen dute beti, eta harrigarria bada ere, halako egunetan jendea itsasertzean pilatzen da, olatuekin selfieak atera eta halako batean despistaturen bat bustitzen denean “uiii!!!” oihukatzeko. Bai, eguraldi txarra gogor kritikatzen dugun arren, Donostiarroi zirrara berezia sortzen digute hamabi metroko olatuek, alerta laranjak eta gure kuttunenak, Ziklogenesi lehergarriak.
Hala, alerta laranja egon den egunotan, jendea itsasoa eta ibai ertzeari begira ibili da; ulergarria da, izugarrizko ikuskizuna eskaintzen baitute olatuek. Dena den, ekaitzaren ondoren, itsasoa baretu egiten da, eta ikusleak badoaz beren zereginetara; urak geldi daudenean ez dago ikuskizunik.
Donostia 2016ari ere antzeko zerbait gertatu zaio. Dagoeneko hilabete pasa da aurkezpen ekitaldi entzutetsuak alerta laranja piztu zuenetik, eta efektua igaro dela dirudi. Zubiko ikuskizunak eman zuena eman zuen, eta balio izan zuen alerta laranja pizteko, hau da, jende ordak erakartzeko. Baina efektua pasata, non da D2016? Hor dago, lasai, eta txintxo ari dira agendarekin betetzen; ikuskizunetara badoa jendea, eta oraindik badu ikusmina sortzeko ahalmena. Baina Hansel Cerezak esan zuen moduan, donostiarrok badugu su artifizialen beharra; alerta laranja berri bat behar dugu, ilusioa berreskuratu eta korrika ibai ertzera berriz gerturatzeko.
Hain zuzen, D2016ko Patronatua aste honetan bildu da, Cerezaren emanaldia baloratzeko. Dirudienez, Berastegik berak adierazi zuen artista katalana zela halako erronkarekin zuzen betetzeko bakarra, eta beraz, ez zen lehiaketa publikorik antolatu. Hala egin balute ere, batek daki zein izango zen herritarren erantzuna; hori bai, 661.200 euroak hirian geldituta haserrea leunagoa litzateke ziurrenik.
Bitartean, urte kulturala aurrera doa, eta irekiera ekitaldiaren ondoren, isiltasun eta barealdi moduko bat nabari dira Donostia 2016ren inguruan, egun horretan sortutako zalapartak izututa baleude bezala. Ekitaldiak aurrera doaz, baina jada ez da hiritarren parte hartze masiborako deialdirik ageri. Tentuz dabiltza, ez dituztelako olatutzarrak esnatu nahi. Dirudienez, gereziek ez, baina itsasoak badaki, hitzik erabili gabe, denok ulertzeko moduko ikuskizun unibertsala eskaintzen.