Lila kolorez blai

Euri zaparrada gogorrei aurre egin diete 27. Lilatoian parte hartu duten milaka emakumek.

Blai eginda bukatu dute, baina pozik eta harro atera dira korrika 5.000 emakume. Lilatoia lasterketaren lehen minutuetatik zaparrada gogorrak bota ditu, baina parte hartzaileak ez dira kikildu, ezta gutxiago ere. Irribarre batekin aurrera jarraitu dute, eta euri gehien bota duen uneetan festa giroak goia jo du. HITZA taldearekin korrika egin duten Marixol Agirre eta Mertxe Ibeasek azaldu dute eguraldi txarrak indar handiagoa eta kemena eman diela. Kexa bakarra izan dute Egiako korrikalariek: “Aurten egin duten ordutegi aldaketa dela eta, emakume askok ezin izan dute Lilatoian parte hartu. Lilatoiak beti izan duen ordutegia izan dezan lortu behar dugu hurrengo urterako”.

Junior kategorian Ines Dehesa oiartzuarrak, Marina Gonzalez donostiarrak eta Oihana Zubillagak bete dituzte lehen hiru postuak, hurrenez hurren. Senior kategorian Hernaniko Gerrero ahizpak izan dira nagusi. Maitane Gerrerok egin du markarik onena (18:01), bigarren geratu da Hoki Gerrero, eta Irungo Ane Zabala hirugarren. Beteranoen kategorian, Zizurkilgo Lourdes Artolak bete du lehen postua, Mercedes Bautista donostiarrak bigarrena, eta Hendaiako Rosa Talaverak hirugarrena. 6otik gorako korrikalari saridunak Pasaiako Lourdes Mariezkurrena, Maria Dolores Elkano eta Zarauzko Miren Karmele Ezenarro izan dira, hurrenez hurren.

27. Lilatoian talde jendetsuenak saritu dituzte, eta Bergarako Kilometroak 2016 taldeak lortu du parte hartzaile gehien biltzea. Guztira 116 kide elkartu dira Lilatoian.  Colegio Mayor Jaizkibel taldeak eskuratu du bigarren saria, 79 kiderekin: eta Eibarko taldeak hirugarrena, 57 kiderekin. Horrez gain, sari berezia jaso du aurten Atletico San Sebastian elkarteko Emakumezkoen Sofbol taldeak, 2015ean izandako lorpenengatik. Ohorezko mailako ligan txapeldunak izan dira, eta Espainiako kopan, berriz, txapeldunordeak. 2016an, Elkarteetako Europako Txapelketan parte hartuko du taldeak.

Inoiz baino dortsal gehiago banatu dira aurtengo Lilatoia lasterketarako; iaz baino %25 gehiago. Orotara, beraz, 5.000 emakumek parte hartu dute emakumezkoen herri lasterketan. Hauxe da emakumeen lasterketa egiten den 27. aldia.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend