AEK-ren Binakako lasterketan izena emateko epea zabalik dago
Hurrengo igandean, martxoaren 20an, egingo dute laugarren urtez Binakako lasterketa.
AEK-k lasterketa euskalduntze eta alfabetatzeari bultzada bat emateko, eta antolatzaileak gustura daude egonkortzea lortu dutelako: “Ez da oso proba jendetsua, baina parte hartzaile fidelak ditugu, eta 150eko muga horretan mantentzea lortu dugu”, azaldu du Xabier Garmendia, Binakako Lasterketaren antolatzaileak.
Igandean, 10:00etan abiatuko dira Bretxatik. Antiguaraino joango dira, eta Erdialdeko kaleak zeharkatuz, bertan helmugaratuko dira berriro. Guztira, sei kilometroko ibilbidea egingo dute.
Izenak berak proposatzen duen moduan, binaka parte hartzeko lasterketa da euskararen aldekoa. Eta hiru eratara osatu daitezke bikoteak: neska-neska, neska-mutil, edo bi mutil.
Azken urteetako datuen arabera, parte hartze mistoa duten lasterketa guztietan, nesken parte hartze altuena duena da Binakako Lasterketa. Izan ere, mistoak eta bi neskak osatutako bikoteak dira gehienak. Garmendiaren arabera, zaila da bikoteen osaketa ezagutzea, baina aita-alabak eta anai-arrebak ugariak dira.
Dena dela, lagun artean edo familiako kideen artean egiteko proba aproposa dela nabarmendu du Garmendiak, eta gonbita luzatu die herritar guztiei.
Gutxienez 16 urte behar dira lasterketan parte hartzeko. Dena den, 14 urtetik gorakoek ere badute ateratzeko aukera, ikastetxe bateko kirol jarduera moduan baldin bada. Aurten, esaterako, Zurriola ikastolako nerabeak animatu dira.
Modalitate bakoitzeko lehen hiru bikoteek garaikurrak jasoko dituzte. Azkarrenek, berriz, Gartziategi sagardotegiko menu bana ere irabaziko dute.
Hortaz gain, AEK-k euskarazko kultur eta aisialdi produktu eta zerbitzuen kontsumoa sustatzeko helburua ere badu, eta hainbat produktu zozkatuko ditu parte hartzaileen artean. Irutxuloko hitzaren harpidetzak tartean.
Izen ematea zabalik egongo da martxoaren 18a arte Herrikrosa.eus webgunean. Prezioa 20 eurokoa da bikoteko izena aurrez ematen bada; egunean bertan, 25 euro. Era berean, boluntarioen bila dabiltza, bereziki, lasterketaren trafiko zaintzak egiteko. Interesa duenak donostia@aek.eus posta elektronikora idatzi edo 607596112 telefono zenbakira deitu dezake.
Korrikaren testuinguruan sortu zuen