Amaia Portugal: 'Bost mila irribarre'
Nire buruari harrika eginez hasiko naiz. Kazetarion ajeetako bat konfesatzera noakizu. Tira, prentsa irakurtzen ohituta bazaude, aitortza honek ez zaitu ezustean harrapatuko: kazetariok halako tema dugu eguraldiarekin. Kalean egindako edozer ekitaldiri buruz albiste bat idatzi behar badugu, beti izango da tartean “eguraldia lagun” edo “euriari aurre eginez” esaldia. Ezin saihestu. Orri zuria igogailuko elkarrizketa deserosoaren parekoa da guretzat. Eguraldia aipatu artean, bakerik ez.
Joan den igandeko Lilatoiaz ari garela, justifikatu samar dago eguraldiari aipua egitea. Euriari, kazkabarrari eta laino artetik bota zuen guztiari egin behar izan diote aurre aurten bost mila irribarrek. Bai eta autoen hegemoniari ere. Inguruotako emakumeen lasterketa jendetsuena antolatzen den hirian, distantziak oraindik ere (hala pentsatu nahi dut) oinezkoen denbora unitatetan neurtzen diren hirian, Udaleko Mugikortasun Sailak nahiago izan du autoen ikusgarritasuna bermatu. Bulebarreko prime time delakoa motordun ibilgailuei eskaini. Haiek inork baino gehiago behar dute, antza.
Baina ez dut estreinako zutabetik bertatik pipertu nahi; gero ere izango da horretarako denbora, parada eta tartea. Irribarreez ari ginen. Emakume hitzaren atzetik aurre egin aditza zenbatetan entzun eta irakurtzen dugun, horri buruz ere bai. Tira, hori lehen ez dut aipatu, baina #esanbeharnuen.
Aurten ez, baina aurreko hiruzpalau urtetan esatari aritu naiz Lilatoian. Pribilegio hutsa izan da, baina pribilegioetan handiena, Bulebarrean jartzen diguten talaiatik daukagun ikuspegia da. Bost mila irribarre horiek plano pikatuan ikustea gauza ederra da. Korrikalariei “besoak gora!” garrasi egin eta une horrek ematen duen argazkia erretinan gordetzea. Eztarrian egin zaizun korapiloak eta kostata eusten dituzun malkoek hitzak ebakitzen dizkizutela konturatzea. Hori guztia zergatik gertatzen ari zaizun ezin azaltzea.
Edo bai. Konplizitatea da: bost kilometro horietan, ibilbidea baino gehiago, bidea urratzen ari garelako. Agian horregatik da zirraragarriagoa irteera, helmuga baino.
Bukatu aurretik, ezin ahaztu jende askoren lepotik egiten dugula irribarre Lilatoiarekin. Izenik ez nuen azpimarratu nahi, baina Arantxa Gurmendi izan bedi salbuespena. Eta garaikurrak atontzen, dortsalak banatzen, txipak kentzen, jan-edanak ematen eta beste hamaika lanetan musutruk aritzen diren emakume eta gizonak. Bai, gizonak. Protagonista izan gabe parte har daitekeela badakiten gizonak.
28.a ere irribarretsua izan dadila. Ahal dela, eguraldia lagun.