Egun on, guten tag
Turistentzako hiztegi txiki bat sortu dute, euskarazko oinarrizko hitz eta esaerak erabil ditzaten.
80.000 ale argitaratu dituzte, hiriko hainbat lekutan banatzeko. DSS2016 eta Donostia Turismoren informazio bulegoetan, museoetan, eta hala eskatzen duten hotel, ostatu, saltoki edota tabernetan ere banatuko dituzte. Dagoeneko 150 establezimendu baino gehiagok eskatu dute hiztegia beren bezeroen artean banatzeko.
Hiztegiak jaso nahi dituzten beste establezimenduek edota turistekin lan egiten duten eragileek Euskara Zerbitzuan egin beharko dute eskaera (udala_euskara@donostia.eus edo 943483750)
Donostiako udaleko Euskara eta Turismo sailak, DSS2016k, Bagera euskara elkarteak, Ostalaritza elkarteak eta Merkatarien federazioak elkarlanean sortu dute turistentzako hiztegi txikia, kultur hiriburutzako EusKarriak egitasmoaren baitan.
Euskara eta Kultura zinegotzi Miren Azkaratek azaldu duenez, “hizkuntzak funtsezko tresna dira harremanetarako, eta gainera bisitari askok gure hizkuntzarekiko interesa agertzen dute, gure kulturaren adierazpen nagusia baita”. Bixitariek hirian zehar topatuko dituzten ikur edo mezuak ulertzeko, eta era berean, “euskara ikusarazteko tresna egokia” izango dela nabarmendu du Azkaratek.
Donostia bisitari askoren helmuga da, eta 2016a, kultur hiriburutza izanik, are bisitari gehiago erakartzen ari da. Turista horiek guztiak euskarazko oinarrizko hitzak ulertu eta erabil ditzaten, hiztegi txiki bat sortu dute: Euskarazko Hiztegi Txikia.
Euskarazko hitz eta esamoldeak gazteleraz, katalanez, galegoz, frantsesez, ingelesez, italieraz eta alemanez ere erakusten ditu hiztegiak. Eta baita euskararen inguruko hainbat datu ere: historia, egoera edo hiztun kopurua, esaterako.
Bost ataletan banatu dute hiztegitxoa, ahalik eta erabilgarriena izan dadin: lehenengoan agurrak azaltzen dira (gabon, kaixo, ongi etorri, eta abar); bigarrenean leku izenak eta hauetara joateko oharrak (ezkerrera, behean, urruti, botika…); hirugarrenean ostalaritzarekin zerikusia duten hitzak (gela bikoitza, jatetxea, ogitartekoa, eguneko menua,…), laugarrenean egunak, hilabeteak, urtaroak,…eta azkenik zenbakiak.