Bisitari ugari espero dituzte datozen egunetarako, Aste Santuaren etorrera dela eta. Bada, hiriko mapa turistikoan ez dago Donostia osoa: Altza, Herrera eta Bidebieta falta dira, besteak beste.
Bi turista, Bulebarreko Turismo Bulegoko mapari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Aste Santuko oporrak ate joka datoz, ihesaldia antolatzeko unea iritsi da. Bada, Irutxuloko Hitza Donostiara datorren turista baten larruan sartu da unez batez, udalak bisitariari proposatzen dizkion eskaintzak eta baliabideak gertutik ezagutzeko.
Bidaiak antolatzeko tresna egokiena internet da; hortaz, astekaria sarean murgildu da turistak zer topatuko duen ikusteko.
Honela gauzak, lehen begiradatik iritsi da ezustea: bisitaria Donostiaren zati handi bat existitzen dela jakin gabe itzuliko da etxera. Imagina daiteke Donostia Altza, Bidebieta, Herrera, Martutene eta Añorga gabe? Donostia Turismoaren webgunean dauden mapak irekitzearekin nahikoa da hiri hori irudikatzeko. Izan ere, hiria inguratzen duten eremu horien arrastorik ez dago. Mapa turistikoak, esaterako, Altza osoa uzten du kanpoan, hirian biztanle gehien biltzen dituen gunea. Zintzilikatutako gidetan ere ez du presentziarik hiriaren Ekialdeak. Antza, Mirakruz Gainean amaitzen da Donostia, Arzak jatetxearen parean.
Intxaurrondoko kasuan, auzo hau existitu, existitzen da, baina oharkabean pasatzen da erabat. Ostatuen gidaren mapan agertzen da, despliegea zabalagoa delako: hori bai, hemen ere ez da Altza agertzen.
Donostia Turismoaren webguneak 1,7 milioitik gora bisita jaso zituen iaz, %41eko igoera, 2014. urtearekin alderatuta. Altza Donostia ez dela diotenek lekuko gehiago dituzte orain euren aldarria defendatzeko, historiara jo beharrik gabe.
Webgunearen beraren ataletako batek gabezia hauek guztiak agerian uzten ditu nabarmen. Hain zuzen ere, Donostia auzoz auzo atalak Parte Zaharra, Erdialdea, Gros, Ulia, Antigua, Igeldo eta Amara ditu hizpide, ez gehiago eta ez gutxiago.
Lurraldetasun kontuez gain, bisitariei proposatutako turismo eskaintza bera aztertzeko moduko beste gai bat izango litzateke; pintxoak, gastronomia, hondartzak, erosketak, running eta cycling delakoak, Donostia 2016 kultur hiriburutza… Irakurketa horrek, baina, beste erreportaje baterako emango luke.
Gau kopuruak, gora
Forma eta ereduen eztabaida alde batera utzita, zenbakiek diote Donostiaren Turismo estrategiak funtzionatu egiten duela; ikuspuntu turistiko gordin batetik, behintzat.
Azken datuen arabera, joera bat sendotu egin da: urte osoko turismo hiria bilakatu dute Donostia, uda sasoiko norakoa baino harago.
2015. urteko datuen arabera, bisitarien kopuruaren gorakada nagusiena udatik kanpo gertatu zen, 2014. urtearekin alderatuta. Hain justu, urtarrilean, martxoan eta abenduan izan zen gorakada nabarmenena; %22, hilabete bakoitzean. Uztaila eta abuztuan, berriz, %11 eta %9.
Orokorrean, ostatu-gauen kopuruak hilabete guztietan egin zuen gora iaz. Orotara, 1.165.489 ostatu-gau zenbatu zituzten, 2014. urtean baino %12,2 gehiago. Aurreikusi daitekeen bezala, hotelak asteburuetan betetzen dira gehien.
Apirila eta azaroa bitartean, asteburu guztietan %80ko okupazioa baino gehiago izan zen; abuztuan eta irailean jo zuten goia datuek, %95,3 eta 93,5eko okupazioarekin. Udako hilabeteetan, aste egunetan ere, okupazio maila oso altua izan zen; uztailean, %89,5; abuztuan, %92,7; eta irailean, %85,3.
Eta nondik datoz turistak? Donostia Turismoaren txostenaren arabera, 2013. urteaz geroztik, nazioarteko ostatu-gauen ehunekoa handiagoa da, estatu mailakoena baino. Joera hori urtetik urtera igo egin da, eta hala, 2015. urtean, %52,2 izan ziren atzerritik etorritako ostatu-gauak eta %47,8, Estatukoak.
Nazioarteko sailkapen bat eginez gero, Frantziatik etorri ziren gau gehienak (%14,9), Estatu Batuetatik etorritakoetatik oso hurbil (%14,7). Erresuma Batua (%12,7), Australia (%6,3) eta Alemania (%5,7) daude ondoren.
Estatuari dagokionez, Madrildik gaua pasatzera etorritako bistariak izan ziren nagusi iaz (%23,4). Katalunia (%19), Euskal Autonomia Erkidegoa (%15,3), Andaluzia (%6,8) eta Valentziatik (%6) bertaratutakoak etorriko lirateke ondoren.
Hiriari buruzko 60 erreportajetik gora egin dituzte
Donostia Turismoa erakundeak ehun kazetari baino gehiagori eskaini zien arreta iaz. Gehienak lehentasunezkotzat ezarritako merkatuetakoak ziren; Estatu Batuak, Frantzia, Erresuma Batua, Alemania eta Japoniakoak, besteak beste. Komunikabideentzat bereziki diseinatutako bidaia ugari ere antolatu zituzten.
Hala, Donostiari buruzko 60 erreportajetik gora osatu zituzten 2015. urtean. New York Times, BBC, National Geographic, The Telegraph, The Daily Mail, The Evening Standard, The Sunday Times, Le Monde, Le Figaro, Le Nouvel Observateur, Conde Nast Traveler, Lonely Planet, Le Routard, Elle, TF1, Le Monde eta Vogue komunikabideetan argitaratu zituzten, besteak beste.
Tarte bat merezi du Altza historikoaren ondareak
Hiriaren inguruko eremuetako elkarteek eta eragileek arrazoiarekin esan ohi dute utzita daudela. Kritika ez ezik, lana ere egin ohi dute auzoa ezagutzera emateko, eta, bide horretan, Altzan zein Intxaurrondon bisita gidatuak eta jarduerak antolatu izan dituzte bertako memoria berreskuratzeko; Donostiako irudi turistikoetatik harago, Ekialdeko bi eremu horiek –Altza historikoak– zer erakutsi badutela garbi uzteko.
Turismo gidetan lekurik ez dute; Irutxuloko Hitzan, bai, ordea. Interesgune batzuk bildu ditugu ondorengo lerroetan.
Mirakruz Gainetik gertu dago Parada baserria, inguruko gune zaharrena, 1200. urte inguruko dokumentuen arabera.
Mirakruzeko errepide berria 1847. urtean egin zuten, eta horren harira hasi ziren lehen etxebizitzak eraikitzen. Hala, 1893. urtean Arzak jatetxea ireki zuten inguru horretan. XIX. mendearen bukaeran, berriz, Asuncioneko parrokia egin zuten, gaur egun auzoko parrokia dena. Geroago, 1958. urtean, errepidea zabaldu zuten, lau bidekoa eginez, egun dagoen moduan. Hala, gune horretatik aurrera hasi zuten auzo berriaren eraikuntza.
Adituen arabera, Intxaurrondo Zaharreko altxor preziatuenetako bat da Intxaurrondo Haundi baserria, gaur egun Intxaurrondo Zahar dioen arren eraikinaren atarian. Dirudienez, 1597. urtean Espainiako monumentu izendatu zuten. Sagardotegia izan zen.
Inguru horretan baserri garrantzitsu gehiago ere badaude, Larrotxene bera; azken 28 urteetan auzoko kultur etxea den arren, aurretik taberna izan zen.
Lizardi Txipi baserriak ere badu bere garrantzia, gaur egun Txaparrene dena. Izan ere, Donostia eta Altzaren arteko muga bertan bereizten zuten, eta, 1940. urtean, Altza Donostiaren parte izatera igaro zenean, bertan egin zuten ekitaldi ofiziala.
Egungo Gaztañaga parkea garai batean zubia izan zen, Zubiaurre moduan ezaguna zena. Inguru horretan, 1864. urtean, trenbidea eraiki zuten, Intxaurrondo bitan banatuz. Hala, iparraldeko zatian etxe ugari egin zituzten, eta hegoaldeak, berriz, bere nekazaritza izaera mantendu zuen urte askoan. Horretaz gain, N-1 errepideak eta tranbiaren bideak auzoa gehiago banandu zuten.
Altzako kaskoak ere interesgune ugari ditu; Altzako udaletxe zaharra, Casares, Harria parkea… Azken honi dagokionez, goialdean zegoen oinetxearen izena Arriaga zen, eta Harria parkea izendatu zuten Arriya ahoskerak eraginda.
Halako bitxikeria eta txoko ederrak daude ibilbide turistiko