Xabier Lopetegi: 'Ikusi(ko) dugu'
Xabier Lopetegi; Kazetaria
Deja vu madarikatua. Ikusi dugu, bai. Ikusi dugu entrenatzaile berriaren efektua desagertzen. Ikusi genuen iaz Moyesekin, eta ikusten ari gara aurten Eusebiorekin. Gauzak zentzuz egiten ari zen espainiarra, baina bera ere hasi da kontraesanetan erortzen. De la Bella Vicente Calderonen erdiko atzelari jartzea, bolada luzean ikusi izan dugun burutaziorik surrealistenetakoa da.
Ikusita gaude ere Reala denboraldiak zakarrontzira botatzen eta itxaropenak zapuzten. Ikusi dugu ilusioak hondatzen. Ikusi genuen duela hiru denboraldi Jagoba Arrasaterekin, ikusi genuen iaz Moyesekin, eta ikusten ari gara aurten ere Eusebiorekin. Taldearen erreakzioa erdibidean gelditu da. Ez hotz ez bero. Lau partida jarraian irabazi ondoren, galdu egin du helburu politagoekin amesteko aukera, azken lau jardunalditan bi puntu bilduta.
Ikusi dugu, gehiegitan, Reala partida hasiera kaskarrak egiten. Zelaian tentsiorik gabe sartzen. Noraezean. Ikusi dugu horren erruz golak jasotzen, eta beranduegi esnatzen. Ikusi dugu, eta ikusi genuen Balaidosen. Saiatu zen, azken ordu erdian markagailuari buelta ematen. Erdiratu zituen makina bat baloi –edo arearatu, Vazquezek dixit– Baina alferrik. Deja vu. «Beti gertatzen zaie gauza bera», aldamenean nuen lagunak esana, Celtaren aurkako porrotaren laburpen gisara.
Iragana beti itzultzen dela dio esamoldeak. Eta hala da. Hor dugu Iñaki Badiolaren kereila. Hor dugu Anoeta handitzeari buruzko eztabaida. Hor daude atletismo pistak. Hor jarraitzen du atzerritarren eta etxeko jokalarien aldekoen arteko dema; harrobia gutxi zaintzen dela batzuk, Zubietako gazteei gauzak errazegi jartzen zaizkiela besteek. Hor dago Loren, ezkutaturik ekaitza dagoenean, gandorra ateratzen eguzkia irteten denean. Deja vu.
Badira, ordea, aldatu diren gauzak. Aspaldian ez bezala, diru arazorik ez du klubak. Oparotasun garaiak bizi ditu. Badu ere izen handiko jokalari sorta polita, nahiz eta gehienen errendimendua duten ospearen azpitik egon. Baditu ere itxura ederra duten harrobiko jokalariak, etorkizuneko taldearen muina osa dezaketenak. Ilusioa da ez duena. Ez duguna. Falta zaigu gatza eta piperra, falta zaigu sabeleko kilima. Eta hau ez da deja vu-a: garai askoz gogorragoetan ere, sekula ez da oraingo etsipen girorik sumatu.
Oso zaila dirudi taldea Bigarren Mailara jaistea. Baina itxurazko denboraldi amaiera lasai honen atzean, pozoi arriskutsua dago: indiferentziarena. Ikusiko dugu erremediorik jartzen dioten.