Intxaurrondo Gastronomia Elkarteko kideek Chios uhartean jarraituko dute boluntario lanean
Laguntza gehiago eskatu dute, larrialdietarako sukalde mugikor bat sortzeko.
Intxaurrondo Gastronomia Elkarteko sei kide Greziako Chios uhartean dira, bertara iristen ari diren errefuxiatuei laguntza ematen, eta jaten ematen. Elkarteak abian jarritako Zaporeak elkartasunezko proiektua aurrera eramatera joan ziren. Ohar baten bidez adierazi dute, egoera aldatu dela uhartean, errefuxiatuak Greziako penintsulara eramaten ari direlako. Halere, bertan jarraituko dutela, eta iristen diren errefuxiatu horiek artatuko dituztela berretsi dute.
“Chiora etorri ginen Salvamento Maritimo Humanitario-k (SMH) esan zigulako Chiosek boluntario gehiago behar zituela, Egeoko beste leku ezagunago eta mediatikoagoen aurrean. Duela bi egun Greziako gobernuak Egeo itsasoko uharteetan zeuden errefuxiatu guztiak mugitu eta penintsulara eramatea erabaki zuen. Larunbat eta igandean 2500 pertsona baino gehiagok utzi zuten irla. Hirian zeuden lau errefuxiatu zelaiak guztiz hustu zituzten: Souda, Portua, Tabakika eta Dipethe. Gaur, adibidez, Zaporeak-ek soilik 30 otordu eman ditu”.
Oharrean adierazi dutenaren arabera, zelai bakarra geratzen da zabalik Chiosen: Vial. Bertako egoera zaila deskribatu dute: 1.000 errefuxiatuk kartzela itxura duten instalazioetan lo egiten dute. Bertan ezin dugu Zaporeak bezalako gobernuz kanpoko erakundeak sartu, gobernua baita elikatzeaz arduratzen den erakundea. Ilar eta patata ano xume batzuk, aurreko batean ikusi genuen bezala”.
Egoera berri honen aurrean, SMH-k eta Zaporeak-ek adierazi dute boluntario lanean jarraituko dutela: SMH-k Chioseko kostaldea zaintzen jarraituko du 2015ko azaroaz geroztik egin duen bezala. Jendeak ez dio utziko bere bizitza arriskatzeari, eta itsasontzi kaxkarretan etortzen jarraituko dute Turkiatik, estatu horrek eta Europako Batasunak errefuxiatuak kanporatu eta mugetako kontrolak zorrozteko akordioa sinatu dutelako. Horregatik, Zaporeakek irlan duen sukaldea mantentzen jarraituko du, talde egonkor batekin, irlara iristen direnei jaten ematen jarraitzeko. Itsaso eta lurretik ez ditugu errefuxiatuak albo batera utziko nahiz eta albistearen interesgunea greziar penintsulara mugitzen den”.
Zaporeak proiektuko kideek jakinarazi diete euren babesleei laguntzeko beharra ez dela murrizten milaka pertsonen joatearekin: “Gure proiektuak hazi beharra dauka egunero otordu beroak emateko. Horregatik erabaki dugu Chiosen geratu, eta aldi berean larrialdietarako sukalde mugikor bat sortzea, Europako agintarien erabakiak bezain azkarra izan daitekeena. Horretarako donazio gehiago behar ditugu: suak, gas botilak eta janaria alde batetik bestera eramateko furgoneta erosi eta horrela errefuxiatuak dauden lekuan kokatu ahal izateko. Izan Atenas, Kavala edo errefuxiatuak eramatea erabakitzen duten lekua”.
Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak bi kontu korronte ireki ditu bere elkartasunezko proiektuarekin bat egin nahi dutenek laguntzeko aukera izan dezaten: 20955011809115250322 (Kutxabank) eta 30350103881030035880 (Laborala).