Euskaraz Bizi Nahi Dugulako esperientzia gauzatu nahi dute auzoan, Egian arrakastaz garatu eta gero. Batzar ireki bat egingo dute bihar, 10:00etan, Museum Cemento Rezolan.
Lutxo Egia, Plaza Haundiko Kalakategian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
«Añorgan euskaraz bizi nahi dugu. Bakarrik ezin denez, elkarren beharra daukagu. Larunbat honetan abiatuko da bidea».
Azken hilabeteetan Egian euskara hutsean aritzeko aurrera eraman duten esperientzia bizitzeko prest daude Añorgan, eta adierazpen horiekin iragarri dute biharko deitutako batzar irekia. Hain zuzen ere, Museum Cemento Rezolan bilduko dira, 10:00etan, Euskaraz Bizi Nahi Dugulako izeneko egitasmorako lan taldeak osatzeko.
Martxoaren 12an, Egia Euskaraz Egunarekin bukatu zuten 300 egiatarrek baino gehiagok urtarriletik bizitako esperientzia. Partehartzea 350 lagunekoa izan zen. Zortzi astez, eguneroko bizitza euskaraz egin zuten hainbat eragilek auzoan, astebeteko txanden bitartez. Añorgak hartuko du orain lekukoa.
Bilbon, jatorria
Esperientziaren jatorria ezagutzeko Bilbora joan beharra dago. Hain justu, Lutxo Egia idazle bilbotarrak egindako esperientziatik hartu zuten ideia egiatarrek, eta hortik sortu zuten Egian Euskaraz Bizi Nahi Dugulako, Añorgan garatu nahi duten ideia bera.
Hori bai, berak egindakoa eta Egiakoa desberdindu ditu idazleak, IRUTXULOKO HITZAri esandakoaren arabera: «Hemen jendea astebetez aritu da, eta beharbada ez euskaraz bakarrik, baina euskaraz bizi izan da egunerokoan. Nik aztertu nahi izan nuen nola bizi zitekeen euskaraz, Bilbo bezalako hiri batean, eta ia aktore baten gisa aritu nintzen».
Edonola, antzeko pasarteak izan dituztela dio: «Konturatzen ari naiz niri gertatutakoak eurei ere gertatu zaizkiela. Etengabean bi gauza aipatu dituzte, talka eta harridura. Hizkuntz ohiturak aldatzean sortu dira talkak, denda batean lehen hitza, bigarrena, hirugarrena… euskaraz egitean, eta deserosotasunak kudeatzen jakin behar da, hor dago gakoa. Harridura erdaldunengan sortu dute, baina baita euren buruengan ere; egoera batean edo bestean moldatu direlako».
Azken batean, halakoek errealitatea aldatuko ez duten arren, esperientzia baikorrak direla uste du: «Euskaraz bizi ahal izateko gazteleraz ere biziko gara beti, baina hautatu dezakegu hizkuntza bakoitza noiz erabili. Halakoek ez dute ezer ere aldatuko, hori argi dago, baina jakin dezakegu zein den gure tokia gizarte honetan hizkuntzari dagokionez».
Egiak aitortu duenez, «harrituta eta lotsatuta geratu nintzen deitu zidatenean. Jarduera oso interesgarria iruditzen zait, eta 300 lagunek parte hartzea lortu dute».
Honen harira, Egia Euskaraz batzordeko ordezkari Aitziber Gurutzeaga, bere aldetik, pozik dago auzoan egindakoarekin: «Bagenekien %100 euskaraz bizitzera ez ginela iritsiko, mugak ditugulako, baina euskara gehiago erabiltzea lortu dugu. Jendearen kontzientzian eragin du, eta ez bakarrik partaideetan».
Añorgatarrek hartu dute orain ekimena.