Jon Odriozola: 'Taldea'
Jon Odriozola, kazetaria
Aste Santu aurreko gurutze-bidearen ostean –Las Palmasen aurkako porrotak min handia eragin zuen zalegoan– Pazko Astea oparoa izan zen. Zentzu guztietan. Sevillan, txuri-urdinek garaipena erdietsi zuten, eta jada, beste gorputzaldi batekin, Bartzelonari begira jarrita daude.
Realak Andaluziako hiriburuan jokatu aurretik, bezperan, eta Johan Cruyff omendu ondoren, Bartzelonak indarrak neurtu zituen merengeen aurka. Emaitza mingotsa kataluniarrentzat. Eta asteartean, berriz, koltxoneroen aurka, irabazi arren, gorriak eta bi ikusi zituzten culeek. Eta bihar, nola arituko dira? Batek daki, baina Cruyff-ek, jokalari eta entrenatzaile ohiak, futbolari beste zentzu bat eman zionak, futbola joko zoragarri eta sinple bezala definitu zuen; «batik bat, plazera eragin behar du», gaineratuz.
Entrenatzaile ospetsuak, Bartzelonan bere aginduetara jokalari gisa aritu zen Eusebio –Realeko entrenatzailea–, asko goretsi zuen: «Zaila da partidaren batean Eusebiok hamar bat ateratzea, baina, era berean, ziur nago, justiziaz, gutxiegi nota ateratzea ezinezkoa dela, bertute apartak baititu: inoiz ez du gaizki jokatzen».
Cruyff-en beste hausnarketa bat gogora ekarriz, talde eredugarri batek, era honetan jokatu beharko lukeela esan zuen: «Joko ikusmena izan behar da lerroak elkarren ondoan izateko, teknika, baloia eraginkortasunez mugitzeko (toke batera, adibidez), egin behar dena egiteko lana egin, eta talentuak gainontzeko guztia egin dezala. Hau da, ez hainbeste korri eta korri aritu. Futbolean jokatu!». Bere iritziz, entrenatzaile batek, batik bat, estratega izan behar du; kokapenekin, eta ordulariarekin borrokatzen aritu behar duena baita.
Nederlandarraren ikasle izan zen Eusebio, Bartzelonari nola jokatu beharko ote zaion pentsatzen arituko zen aste guztian zehar kataluniarrek merenge eta koltxoneroen aurka jokatu dituzten partidak ikusi ondoren. Ez da lan samurra izango, eta zalegoa jakitun da. Jokalariek duten guztia ematea da zaleek eskatzen dieten bakarra, aurrean izango dituzten jokalariak punta-puntakoak direla ondo baino hobeto jakinik. Zelaian hustu, eta gero-gerokoak. Hori eginez gero, emaitza dena delakoa izanik, realzaleak jokalarien esfortzua eskuzabal sarituko du. Cruyff-ek idatzita utzi zuen bezala, «taldean jokatu;