Martuteneko euskara batzordeak jauzi bat eman nahi du indartzeko, eta, horretarako, bilera ireki bat egingo du lehen aldiz, elkarlana eta euskararen erabilera bultzatzeko..
Josune Otxotorena, Mikel Lasa, Mariapi Arratibel eta Juanjo Ugartemendia, Martuteneko auzo elkartearen egoitzan.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Josune Otxotorena, Mikel Lasa, Mariapi Arratibel eta Juanjo Ugartemendia; Martuteneko euskara batzordeko kideak.
Ofizialki 2012an ekin zion bere bideari Martuteneko euskara batzordeak. Goraka joan zena hasieran, behealdian dago orain. Beraz, indartzeko, batzar irekia egitea erabaki dute, apirilaren 13an, 19:00etan, auzo elkartearen egoitzan, dei honekin:
Kezkatzen zaitu Martuteneko euskararen egoerak? Batzordeko kide batzuekin egon da IRUTXULOKO HITZA: Josune Otxotorena (Martutene, 1960), Mikel Lasa (Beasain, 1967), Mariapi Arratibel (Lazkao, 1957) eta Juanjo Ugartemendia (Martutene, 1969).
Nola hasi zen guztia?
Juanjo Ugartemendia (J. U.): Lehen Olatu Talkarako, Mintzodromoaren ostean, Jokin Sotilla, auzo elkartearen orduko presidentea, zirikatzen hasi zitzaigun. Bilera ireki bat egin genuen auzoko euskaltzaleekin, eta Iñaki Irazustarekin eskaini nintzen elkartea dinamizatzeko. Biltzen hasi ginen ordutik. Aurretik ere egiten ziren gauzak, eta ardura hartu edo jarraipena egiten hasi ginen; kantujira, San Juan sua, Olentzero, korrika kulturala…
Josune Otxotorena (J. O.): Bost urte ziren ikasturte bukaera guztietan bertso afaria antolatzen genuela. Gero, 2012an, bertso bazkari handi bat antolatu genuen Sorginzulo txokoan, Agin Rezola eta Maialen Lujanbiorekin. Lehen bertso-bazkari horretara Maialen Lujanbio eta Agin Rezola ekarri behar genituenez, dirua behar genuen, eta ate-joka hasi ginen. Donostiako Patronatura jo genuen, Etxarrienera… baina diru-laguntza lortzeko berandu zen. Gerora, modu formal batean sortu genuen batzordea.
Mikel Lasa (M. L.): Auzo elkartearen barruan sortu ginen, eta hor jarraitzen dugu. Eta auzo honetan egon diren kezka nagusiak bi izan dira, uholdeena eta euskararena. Horregatik sortu zuten auzo elkartean Hirigintza saila, eta, bestetik, euskara batzordea. Aurreko legegintzaldian Euskara Zerbitzutik bultzaka aritu zen udala, euskara batzordeak sortzeko, eta Martutenen ere babes horri esker egin zuen aurrera. Gainera, Edurne Otamendi, Euskara Zerbitzuko burua, auzotarra da, eta bere laguntza oso garrantzitsua da.
Mariapi Arratibel (M. A.): Askotan ez dakigu nondik jo, eta Edurnek izugarri errazten digu lana.
Nolakoa izan da lau urte horietako ibilbidea?
J.O. : Aparra bezala goraka joan zena, pixkanaka apaltzen joan da; eta aurrera edo atzera egin erabaki behar genuen. Bagerako Idoia Trenor auzotako euskara taldeak dinamizatzen dabil, eta berak proposatu zigun batzorde orokor bat egitea, euskatzaleak batzeko.
J. U. : Hasieran dozena bat elkartzen ginen, eta kanpoko laguntzak ere izaten genituen. Iaz beherakada hasi zen, eta aurten indar gutxirekin hasi gara.
Zer egin duzue orain arte?
M. A. : Gauza txikiak, baina harrera ona izan dugu. Azkeneko Euskararen Egunean, adibidez, tabernetan euskal musika banatu genuen, eta jarri zuten. Euskara Zerbitzuaren probak egin dituzte auzoan. Haurrentzako Parketarrak jarduera, adibidez, hemen hasi zen, eta oso ongi atera zen.
M. L. : Lehenengo bi ikasturteetan, euskara eskolak jaso zituzten auzotar batzuek, baina, gero ez da talderik sortu eta Mintzalagunari eman nahi diogu orain bultzada, pixkanaka.
J.U. : Mendi irteerak urtean hiruzpalau egiten ditugu, Montse eta Karlos lagunei esker.
Zein da Martutenen euskararen egoera?
J. U. : Ni oso ezkorra naiz. Ez dut aldaketa nabarmenik nabaritzen batzordea dugunetik. Datuek diote erabilera %14,30 dela, baxua, baina euskaldunak %42 dira, ez dago gaizki, eta horiei ia euskaldunak batuta, %70 dira; baina, gero, hori ez da kalean islatzen.
J.O. : Nik beti esaten dut Martutene dela erdigunea, eta inguru osoa. Lehen ingurua oso euskalduna zen, baina gunea ez. Gaur egun, hamabost urtetik beherako %100 euskaldunak izango dira, baina argi dago erabilera baxua dela.
M. L. : Nik hamasei urte daramatzat Martutenen. Iritsi berritan, askorekin hitz egin nuen euskaraz, eta bertako batek harrituta esan zidan niri «euskaraz hitz egin duzu horrekin? Ez nekien euskalduna zenik». Horrek esan nahi du badaudela ezkutuko euskaldun asko.
Zerk bultzatuta ari zarete?
J. U. : Nire motibazioa izan da aita naizela, ni auzoan hezia naizela, eta txikitan ez nekien euskara. Auzo erdalduna izan da beti, inmigrazio asko egon da. Bazegoen ikastolara joaten zen jendea, baina gutxiengoa ziren. Orain, nire haurrak ikastolara doaz, eta oraindik ere kalean gazteleraz ari direla entzutea… Zerbait egin beharra zegoen.
J.O. : Ni hasi nintzen batzordean, ikastolako normalkuntzako teknikaria nintzelako. Iaz utzi nuen postua, baina batzordean jarraitzea erabaki nuen. Saretzean sinesten dut, askok dute zer emana, ikastolak, Etxarrienek, Gaztelekuak, kirol elkarteak, norbanakoek…
Lehen aldiz egingo duzue bilera irekia orduan?
J. U. : Bai, eta hogei lagun espero ditugu. Orain arte gehiegi ez gara ezagutarazi; gauzak egin ditugu, baina auzo elkartetik berezitu gabe. Orain, sare bat osatu nahi dugu, auzoko elkarteetako kideekin, batzordean egon gabe. Jendea ez dadila loturarekin beldurtu. Taldeak osatu nahi ditugu, eta bakoitzak ardura batzuk har ditzala.
J. O. : Gainontzeko elkarteek bat egiten dutenean helburu komun honetan, arrakasta lortzea errazagoa izaten da. «Asko egin dezakegu, denok pixka bat eginez!», esaten dugu.
Zein proiektu berri duzu buruan?
J. O. : Loiolan egin zuten bezala, ipuin kolektibo bat osatu nahi dugu, auzoko jendearekin.