Astebeteko topaketak prestatu dituzte Libre eta Eleak mugimenduek, hitzaldi eta protestekin; bihar emango diote egitarauari hasiera, Erdialdeko kaleak zeharkatuko dituen lasterketarekin.
2013ko Libre lasterketako bi parte hartzaile, helmugara iristen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Orain arte Libre mugimendua lotu dugu epaiketa politikoen defentsarekin, baina jauzia eman nahi dugu, eskubide zibil eta politikoak defendatzeko, eta horren aurka doa zuzenean Mozal Legea. Gainera, harremanetan egon nahi dugu Donostialdeko gainontzeko ezkerreko mugimenduekin, indartzeko», azaldu dio Agus Rodriguez Libreko kideak IRUTXULOKO HITZAri. Euren lan esparrua horretan ikusten dutela dio, inolako protagonismorik gabe, baina argi dute mezu nagusia.
Herritarren Segurtasunerako Legea da Mozal Legearen izen ofiziala, eta 2015eko uztailaren 1ean sartu zen indarrean. «Isunen bidez, era isilagoan dator oraingo errepresioa, baina ez da tontakeria. Mobilizazioak antolatzeagatik isunak iristen ari zaizkigu, bai guri eta bai Kortxoeneakoei, adibidez».
Horren aurrean, Libre Topaketak antolatu dituzte Eleak eta Libre mugimenduek, eta horren baitan sartu dute III. Libre lasterketa. Hala, herri harresiaren hirugarren urteurrenarekin bat egingo dute. Lasterketaz gain, hitzaldiak ere antolatu dituzte, eta giza-katea egingo dute, apirilaren 16an.
Lasterketa bihar bertan izango da, larunbata, 20:00etan. Izen ematea zabalik dago, Herrikrosa.eus webgunean, baita honako tabernetan ere: Herria (Parte Zaharra), Marruma (Gros), Platero (Antigua), Ilunki (Amara Berri), Hontza (Loiola), Kata (Egia) eta Jolas Etxea (Añorga).
Guztira sei kilometroko ibilbidea egingo dute parte hartzaileek, eta Bulebarrean izango dute irteera eta helmuga. Aurten, gainera, korrika zein oinez egiteko aukera egongo da; ibilbidea korrika egiteko izen ematearen prezioa 15 eurokoa da, eta egunean bertan, 18 eurokoa. Oinez, berriz, 10 euro balioko du, eta 19:30ean irtengo dira partaideak, ibilalditxo lasaia eginez.
«Iazko urte bukaeran egitekoak ginen lasterketa, baina ikusi genuen ez genuela nahikoa indarrik. Orain, lan talde zehatz bat sortu dugu lasterketarentzat, eta espero dezagun datozen urteetan ere aurrera jarraitzea», zehaztu du. Jarduera zabala eta irekia izatea nahi dute: «Badago jendea betiko mobilizazio eta manifestazioekin ez dagoena eroso, edo nekatua dagoena. Lasterketa desberdina da» . 2013an egin zuten lehen aldiz, eta 2014an 200 partaide baino gehiago izan zituen.
Gainontzeko jarduerei dagokionez, benetako apustua egin dutela dio Rodriguezek. «Mahai gainean jarri behar dugu Mozal Legea, jendea kontura dadin benetan zer suposatzen duen».
Guztia orain hasi dute, baina uztailaren 1ean legearen urteurrena dela eta, mobilizazio indartsuago bat prestatu nahi dute. «Alderdi eta eragileei eskatuko diegu posizionatzeko».
Libre Topaketak
Egitaraua
- Apirilak 9, larunbata (20:00). Libre lasterketa.
- Apirilak 11, astelehena (19:30). Solasaldia, Antiguako Txantxarreka gaztetxean: Zer izan da vaga de totes herrialde katalanetan?.
- Apirilak 12, asteartea (19:30). Tertulia, Parte Zaharreko Arrano Beltza elkartean: Desobedientzia zibilaren bidea Euskal Herrian. Hizlaria, Ekai Txapartegi EHUko irakaslea.
- Apirilak 13, asteazkena. 18:00: elkarretaratzea, Easo plazan, Axier Lopez kazetariari babesa emateko. 19:00: Mahai-ingurua, Amarako Kaxilda liburu dendan: Komunikabideak: Adierazpen askatasuna. Mozal Legea. Hizlariak: Sergio Labaien (Ahotsa), Lander Arbelaitz (Argia), eta bi txiolari: @erreharria eta @jonbiegurzegi.
- Apirilak 16, larunbata (18:00). Giza-katea, Bulebarrean: Epaitegia inguratzera goaz.