Oporrak Bakean programaren 30. urtemuga ospatu dute udaletxean.Haur sahararrak jasotzen dituzten familiei esker ona adierazi diete
Saharako familia bat, udaletxean, ekitaldia hasi aurretik. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Sahararrek Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetan bizirauten dute azken lau hamarkadetan. Nortasunaren borroka horretan diraute tinko, eta gatazka politikoaren amaierak ez du zantzurik ageri. Basamortuko baldintzak oso gogorrak dira, bereziki udan, oso tenperatura altuak baitituzte.
Bizimodu gogorrari aurre egin behar dioten haurrek pare bat hilabetez arnas hartzeko helburuz sortu zuten
Oporrak Bakean programa.
30 urte bete ditu aurten, eta hiria izan zen hiri aitzindarietako bat. Horregatik edo, urteurren biribila ekitaldi biribil batekin ospatu nahi izan du
Donostiako Udalak. Hala, udalbatzarren aretoa lepo bete zuten atzo ospakizuna dela eta.
Aila 30 programa aurkeztu zuten ekitaldian. Aila hitzak familia esan nahi du hasanieraz, saharar dialektoz. Hitz joko hori baliatu dute urteurrena ospatzeko. Izan ere, familiak dira
Oporrak Bakean programaren oinarri. Hogeita hamar dira Donostiara etortzen diren haurrak, 10 eta 12 urte bitartekoak.
Aurten, gainera,
zailtasunak izan dituzte harrera familiak topatzeko. Oporrak Bakean programa bera kolokan egon da azken unerarte, baina azkenik lortu dute kopurua osatzea.
600 gonbidapen
30 urte hauetan harrera programan parte hartu duten familiak, elkarteetako kideak, Frente Polisarioko ordezkariak, medikuak, boluntarioak eta saharar herriari elkartasuna adierazi dioten beste hainbat lagun bildu ziren udaletxean. 600 gonbidapen banatu zituzten guztira.
Bideo bat prestatu zuten hitzordurako. Zuzeneko lekukotzak bildu dituzte bertan. Duela 30 urte lehen aldiz Donostiako aterpetxeetara etorri ziren haur haienak, esaterako, gaur egun helduak direnak. Baita egungo familienak ere; eta nola ez, errefuxiatu guneetan bizi diren haurrenak ere bai. Bideoan, bertatik bertara erakutsi dute azken hauek Saharan bizi duten egoera, egunerokoa, bizi baldintzak…
Ekitaldiari dagokionez, Saharako egoera bistaratzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten udal ordezkariek, eta egoerak irtenbide bat izan bitartean Donostiako Udalak laguntza eskaintzen jarraituko duela azpimarratu zuten.
Honen harira, Sahararen inguruan sare bat ehundua dago jada. 350 bat familia donostiarrek hartu dute parte elkartasun jardueretan.
Horien guztien lana, esperientzia eta bizipenak biltzeko
Oporrakbakeandonostia.eus webgunea jarri dute abian, edonork elika dezan.
Ukrainarrek donostiarrak jaso dituzte
Duela 30 urte sortu zuten Oporrak Bakean programa. Bada, duela 30 urte gertatu zen Chernobileko zentral nuklearreko istripua. Hondamendi horren ondorioz sortu zuten Chernobil Elkartea, eta, kasu honetan, Chernobiletik etorritako haurrei ematen diete ostatu familiek. Hauek Ukrainara egin zuten bidaia martxoan, udan jasotzen dituzten haurren egunerokoa ezagutzeko. Irudian, Kiev-en