Parada baserria erabiltzeko baimenaren zain daude Aranzadi Zientzia Elkartea eta EMMOA fundazioa. Materiala biltzen hasi dira hainbat mendizaleren eskutik.
Aranzadi eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioko kideak, hitzarmena sinatzeko ekitaldian. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Euskal mendizaletasunaren ondare historikoa ongi gordeta edukitzea eta zabaltzea dute erronka Aranzadi Zientzia Elkarteak eta Euskal Mendizaletasunaren Museoa fundazioak (EMMOA). Horregatik sinatu berri dute hitzarmen bat, mendizaletasunaren memoria babesteko helburuarekin.
Intxaurrondoko Parada baserrian osatu nahi dute euskal mendizaletasunaren museoa izenekoa, eta, oraindik erabiltzeko baimenik ez badute ere, dagoeneko materiala biltzen hasi dira ateak irekitzen dituztenerako.
Momentu honetan, Espainiako Gobernuaren jabetza da Parada baserria, eta, AEMT metereologia erakundearen esku dagoen arren, hutsik dago. Aranzadiri Madrilek eman behar dio kudeaketarako baimena, baina sinadura lortzeko aukerarik ez dute gaur gaurkoz. Izan ere, jarduneko gobernua dago oraindik Espainian, joan den abenduko hauteskundeaz geroztik.
Horrenbestez, izapidea egiteko itxaron beharko du Aranzadik, gobernu eta legegintzaldi berria abian jarri arte bederen.
Indarrak batzeko sinatu dute akordioa zientzia elkarteak eta fundazioak. Aranzadik 70 urte daramatza memoria historikoa ikertzen, eta harreman estua izan du euskal mendizaletasunaren munduarekin. Hala, baliabide teknikoak eskainiko dizkie Aranzadik mendizaleei, sailka ditzaten EMMOAk dituen liburu, artxibo, fototeka eta bildumak.
Materiala biltzea dute helburu, eta dagoeneko lan horretan hasi dira. 100 urte baino gehiagotan objektu berezi asko batu dituzte alpinistek, eskalatzaileek, eskiadoreek eta mendizaleek: argazkiak, mendiko materiala, liburuak… Egitasmoaren bultzatzaileen arabera, objektu bakoitzak bere historia du.
Dagoeneko 120 iparrorratz dituzte, eta hainbat mendizale hasi dira ematen eurentzako bereziak diren objektuak.
Juanito Oiartzabalek, esaterako, oinak osorik zituela egin zuen azken espedizioko botak eman ditu; Alex Txikonek, berriz, 2005ean topatutako makila puntadun bat; Juanjo San Sebastianek arropa eman du, K2 igo zuenean erabili zuen jertsea…
Pixkanaka pixkanaka, sorta ederra osatuko dute.