Antiguako oinezkoen pasabidea artelan bihurtuko dute, badiako ibilbideari jarraipena emateko. "Ur-azpiko bidaia" batean murgildu nahi dituzte herritarrak zein bisitariak.
Victor Goikoetxea artista -eskuinean-, Xabier Barrutieta arkitektoari azalpenak ematen, tunelaren maketaren ondoan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
“Gaur egun, badiako itsasaldeko ibilbide osoan dagoen tarte bakarra da non ez den itsasoa ikusten. Horrenbestez, paisaia eta zentzumenen esperientziaren aldetik, hutsune bat dago. Argia eta soinua aldatzen dira, eta, sartu bezain pronto, bertatik atera nahi dugu paisaiaz gozatzen jarraitzeko”.
Hain zuzen ere, hitz hauekin azaldu dute Donostian, Antiguako oinezkoen tunelean egingo duten egitasmoaren beharra.
Antiguako tunela, Miramar-ko tunela, Ondarretako tunela… izen ofizialik ez duen arren, herritarrek hainbat izenez ezagutzen dute Kontxako pasealekua eta Ondarreta lotzen dituen oinezkoen pasabidea. Hemendik aurrera, ordea, besterik gabe pasatzeko bide izatetik, Itsas Arte bilakatuko dute; horixe baita proiektuaren izena. Oinezkoak harritu eta ur-azpiko bidaia batean murgiltzea dute helburu egileek.
Donostiako Udalbatzarren aretoa birmoldatu duen Victor Goikoetxea artistak egingo du eraldaketa, Xabier Barrutieta arkitektoarekin elkarlanean. Goikoetxea berari otu zitzaion tunela birmoldatzeko ideia. Espazio handiak egokitzen aditua da, baina proiektu hau erronka gisa hartu du. “Proiektua polita edo itsusia izatea baino, jendea harrituta geratzea nahi dut”, aitortu du.
Sabaia da artelan bihurtuko duena. Lurraren eta itsasoaren elementuak erabiliko ditu espazio berean. Batetik, arroka zatiak, harriak eta pigmentuak erabiliko ditu testura ezberdinak sortzeko. Eta bestetik, itsasoak eta urak eragiten dituen sentsazioak sortzeko argia, distirak eta elementu leunak erabiliko ditu.
“Itsasoak eta lurrak bat egiten duten gunea” da tunela, Goikoetxearen ustez, eta bere proiektua ere oreka horretan oinarrituko du. Artistak azaldu duenez, artea, arkitektura, teknologia eta energia berriztagarriak uztartuko ditu proiektuak. Izan ere, puntako argiteria erabiliko dute argiaren mugimenduarekin ur-azpiko sentsazioa sorrarazteko, esate baterako.
Tunela zeharkatzean, gainera, herritarrek energia sortuko dute beren pausoekin. Horretarako baldosa bereziak jarriko dituzte Ondarretako aldean. Sortutako energia horrekin informazio taula bat piztuko da, tuneletik igaro diren oinezko kopuruaren berri emanez, artelanaren beraren gaineko informazioa, hiriko datu interesgarriak edo proiektuaren inguruko iritzia emateko aukera eskainiz.
Uda baino lehen
Uda baino lehen eraldaketa amaitua egotea aurreikusi dute, eta finantzaketa publiko-pribatua izango da.
Hain justu, Donostiako Udalak 20.000 euroko ekarpena egingo badu ere, lau enpresa pribatuk jarriko dute gainerakoa; 127.000 eurokoa da aurrekontu osoa, eta enpresak, berriz, Angulas Aginaga, Aelvasa, Igarle eta LurGenek.
Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzak ere bere egin du proiektua, eta Elkarrizketak atalean txertatu du. Hiriari utzitako ondare gisa definitu du Itsas Arte proiektua.
XX. mendearen bigarren erdian eraiki zuten
Antiguako oinezkoen tunelak 29 metro luze eta 4,8 metro zabal ditu, eta 4,5 metroko altuera. Kanoi zuzeneko bobeda bat du, erdi-puntukoa, eta XX. mendearen bigarren erdian eraiki zuten.
Ondoko tunela bertan zegoen dagoeneko. Hain zuzen ere, goian dagoen Miramar jauregia 1893. urtean eraiki zuten, eta tunel bat egokitzea beharrezkotzat jo zuten, zirkulazioa bideratzeko; tranbien iragaitea, tartean. Urteak pasa ziren, eta oinezkoentzat zuzendutako tunela egitea erabaki zuten, badiako itsasaldeko ibilbideari jarraipena emateko.
Proiektuaren egileen arabera, tunelean egingo duten esku hartzearen helburua “hiri espazio berezi” hori eraldatzea da.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea