"Erakutsiko dugu piratek beste balore batzuk ere badituztela"
Sei urte arrakastatsuren ostean, Jon Jakak agur esan zion Sudur Krosaren antolaketari; kinka larrian egon da lehia, baina, azkenean, Donostiako Piratek hartu dute ardura, gogo biziz.
Iñigo iturrioz eta Amaia Urrutxua; Sudur Kroseko antolatzaileak.
Indarberrituta dator Sudur Krosaren zazpigarren ekitaldia. Jakaren eskutik lekukoa hartu dute piratek, jaiaz gain, beste balore batzuk zabaltzeko asmoarekin. Lasterketa apirilaren 23an izango da, Egiako parkean, beti bezala. Lehenengo, 16:00etan, haurrentzako Sudur Txiki lasterketa egingo dute; eta, 17:00etan, lasterketa nagusia. Izen ematea aldez aurretik egin daiteke, Herrikrosa.eus webgunean, edo Egiako Kata eta Rekalde tabernetan. Piraten lan taldeko bi kiderekin egon da IRUTXULOKO HITZA: Iñigo Iturrioz (Ibaeta, 1986) eta Amaia Urrutxua (Gros, 1990).
Zergatik erabaki dute Donostiako Piratek Sudur Krosaren ardura hartzea?
Amaia Urrutxua (A. U.): Piraten mugimenduaren barnean beti egon da lasterketa bat antolatzearen ideia, baina azkenean sekula ez genuen pausoa ematen aurrera egiteko. Aurten, erabaki genuen lan talde txiki bat sortzea, ideia berriak lantzeko eta eztabaidatzeko lasterketa baten inguruan. Hasieran, egia esan, nahiko galduak genbiltzan, gehienak kirolariak izanda ere, ez genuen ideiarik lasterketa bat antolatzeko. Orduan, bururatu zitzaigun Amara Berriko AB Krosa antolatzen zutenekin hitz egitea. Azkenean, beraiek esan ziguten, hutsetik hasi beharrean, ez delako batere erraza, ea bagenekien Sudur Krosa kolokan zebilela eta txosten bat atera zutela informazio guztiarekin. Jon Jakarekin harremanetan jarri gintuzten, orain arteko antolatzailea, eta berak azaldu zigun guztia. Berarekin hitz egin ostean, berriro ere lan taldea bildu ginen, eta, azkenean, aurrera egitea erabaki genuen.
Behin aurrera egiteko erabakia hartuta, lanak azkar egin behar izan dituzue, ezta?
Iñigo Iturrioz (I. I.): Batez ere lana izan da, kargagatik baino gehiago, berriak izanda galduak sentizen ginelako. Zazpi lagun gaude taldean, eta Jonek asko lagundu digu, asko eskertzen diogu. Beste txosten bat eman zigun baimenen kontu guztia argituz, eta nori eskatu azaldu zigun utzita eskatu beharreko material guztia. Presa genuen, ez genuen noraezean ibiltzeko denborarik, eta oso ongi moldatu gara bere laguntzarekin.
A. U. : Bileratara askotan gonbidatu izan dugu eta etorri da; beharrezkoa genuen bere laguntza, eta zalantzak argitzeko beharrezkoa zen bera egotea. Aurten, lehen aldiz, lasterketan parte hartzeko aukera izango du Jonek, aurten beste ikuspuntu batekin ikusiko du.
Jon Jakak zuen lan kargaz konturatuko zineten!
A. U. : Bai… Konturatu ginen elkartu ginen lehen aldian, bere betebehar guztiak banatu zituelako sei lan taldetan. Orain, konturatu gara zer lan suposatzen duen, zazpiren artean nahikoa lan izan baitugu.
Babesleak mantentzea lortu duzue?
I. I. : Aste Nagusian piratek beste lasterketa bat antolatzen dute, babeslerik gabe. Sudur Krosa babeslerik gabe egitea ezinezkoa zela ikusi genuen, bestela ezingo genuke antolatu.
A. U. : Oso atal garrantzitsua da hori lasterketarentzat, eta Jonek zerrenda bat pasa zigun. Bertan zeuden aurreko urteetako babesle guztiak, bakoitzak emandakoa, harremanetan jartzeko modua… Hortik hasi ginen eta horri esker dugu lortutakoa. Iazko babesleek oso ongi erantzun digute, gehienak mantendu ditugu, eta berriak ere sartu dira. Diruz ezin zutenak lagundu, opariak edo materiala eman digute banatzeko.
Dena prest duzue? Urduri zaudete?
I. I. : Gehiena lotuta dago, partaideak izan ezik. Presaka ibili garenez antolaketarekin, ez diogu garrantzia gehiegi eman mezua zabaltzeari. Oraingoz, Internet bidez behintzat ez du jende gehiegik izena eman.
A. U. : Ni seguru nago jende askok emango duela izena, baina oraindik ez dira animatu.
Haurrentzako Sudur Txiki lasterketa mantenduko duzue?
I. I. : Ez du lan karga handia suposatzen, baimenen kontu guztia batera doa.
A. U. : Gainera, Aitor ikastolako irakasle bat arduratzen da urtero hogei ikasle batzeaz, eta beraiek arduratzen dira lasterketaren egunean guztiaz; haurrak sailkatu, irteera eman…. Beraz, ez digu lan gehiegi eman.
Lasterketa betikoa izango da edo aldaketaren bat egingo duzue?
I. I. : Ibilbidea mantenduko dugu, eta izena ere bai. Hasieran pentsatu genuen Piraten Sudur Krosa edo jartzea; baina, azkenean, jendeak badaki guk antolatzen dugula, eta lehen bezala utzi dugu izena. Logoa, bai, berria da.
A. U. : Lasterketan barrena ezusteren bat prestatuko dugu haurrentzat, piratekin lotuta.
Zer emango dio Sudur Krosak piraten mugimenduari?
I. I. : Askotan komentatu dugu urtean zehar presentzia gutxi dutela piratek. Normala da, Aste Nagusian sortu zelako eta jende gehiena garai horretan mugitzen du. Hala ere, urtean zehar ere gauzak egiteak zabaltzen gaitu jende gehiagorengana.
A. U. : Gainera, piratak beti lotzen dira Aste Nagusia, Abordatzea eta parrandarekin. Erakutsiko dugu piratek beste balore batzuk ere badituztela, jai herrikoi bat izan daitekeela lasteketa bat. Gainera, helduak eta haurrak elkartzen dituen jai bat izango da.
Zein izango da zuen helburua orduan?
A. U. : Lasterketaren balioak aztertzen hasi ginenean, ikusi genuen zela lasterketa bat euskalduna, herrikoia eta parekidea. Horrek erakarri gintuen bereziki, piraten balioekin bat dator, eta ikusi genuen aukera polita zela piratek kirola ere sustatzeko. Jende berria erakartzeko balioko digu, eta agian Sudur Krosaren bidez ezagutuko du Aste Nagusiko Bizikrosa…
I. I. : Oraindik badago jendea Donostian piratak ezagutzen ez dituena. Modu honetara ezagutzera eman dezakegu gure burua.
Animatu itzazue partaideak.
A. U. : Ez dakigu eguzkia aterako den, baina, eguraldi txarra egonda ere, primeran pasako dugu. Aukera polita da larunbat arratsalde batean lagunekin elkartzeko, edo familian. Ibilbidean zehar trikitilariak izango ditugu, korrikalariak animatzeko. Gure asmoa da lasterketa polit bat egitea. Batez ere animatu nahi ditugu orain arte korrika egiten ez dutenak. Ez da lasterketa batere lehiakorra; helburua ez da irabaztea, ondo pasatzea da kontua. Borondatez lan egiteko jendea ere behar dugu; gogoa duenak idatz dezala sudurkrosa@gmail.com posta elektronikora.
I. I. : Lasterketa bukatutakoan, Plaza Haundin jan-edana ere izango dugu, materiala zozkatzen dugun bitartean.