Xabier Vazquez: '40 ordu/partida'
Xabier Vazquez; Realzalea
Demagun, irakurle, zure lanean lansari antzekoa jasoko duzula zenbat(etan) lan egiten duzun begiratu gabe. Bai, bai, horixe: antzeko soldata lanera zenbatetan joan behar izan duzun axola barik. Eta gainera zure esku dago zenbatetan joan lanera. Adibidez, niri AEK-k berdin ordaintzea astean 10 klase ala 15 klase eman.
Bada, horixe bera gertatzen zaie jokalariei. Eta noski, urtean ahalik eta partida gutxien edukitzeko estrategiak hartu dituzte. Beste modu batean esanda: ekidingarriak diren norgehiagokak saihesten ikasi dute, lan egun gutxiago edukitzeko.
Izan ere, Sindikatu Txuriurdinak (STx) tinko eusten dio 40ko aldarriari. Ez, ez gara ari astean 40 ordu lan egiteaz (ez genuen besterik behar!), urteko 40 partidaz baizik. Beraiek soldata bat dute, eta, jokatu ala ez, entrenatzailearen eskura daude Ligako 38 partida eta Kopako 2tan. Hortik aurrerakoak lan gehigarriak dira, eta hitzarmenetik apartekoak.
Horra hor Realeko jokalariek goiko zein beheko postuei dieten izu eszenikoaren arrazoia. «Bigarren maila? Horiek lanak! Urtean 42 partida, ta zorte txarra izanda, play off-a»; «UEFA? Astean zehar partida gehiago? Utikan!»; «Kopan aurrera egin? Aizu, non dira nere eskubide sindikalak?». Ligan ondoegi ala txartoegi bukatzeak ekidin nahi diren partida gehigarriak dakartza. Beraz, itzeleko arreta jartzen dute gehiegizko hotz ala berotik aldendu eta epelean gordetzen.
Euren aldarrikapenean munduko greba sistema onenak uztartu dituzte. Batzuetan «lanean egon bai, baina aritu ez» deritzon greba egiten dute; besteetan, aldiz, japoniar grebari ekiten diote eta aurrekoetan egin gabe pilaturiko lana ateratzen dute.
Estrategia horrek erabat egiten du bat lehen aipaturiko helburuarekin: goiko zein beheko postuak uxatzea. «Ojo, cuidado, UEFA gertu dakagu-ta, galtzen hasi beharko dugu»; «bai horixe! nik asteazkenetan pilates daukat, ez naiz hasiko orain galtzen UEFA txatxu hori dela eta»; «hi, oraindik ez gaudek salbatuta, Sevilla eta Barçaren kontra irabazita, zeren Bigarren Mailan Liga luzeagoa dek»; «Bai, motel, gainera jendea hasarretzen hasia dek dagoeneko».
Halakoak tokatu zaizkigu eta ezin kexa. Batez ere gu geu ere gero eta gehiago garelako abonatu-bezero, eta gero eta gutxiago klubeko bazkide. Ezin eska jokalariei guk onartu dugun eskematik harago joaterik. Gainera, izan gaitezen zintzo… ez al zenukete gauza bera egingo zuen lanean aukera hori bazenute?