Ane Urrutikoetxea: 'Muxua'
Kirolzalea ez naizen arren, Euskal Herriko Itzulia ikusteko aukera izan dut egunotan. Arratsaldero, inguruko lankideek telebista piztu eta zirrara handiz jarraitu dituzte etapa bakoitzeko azken minutuak. Ni ere telebistari begira jarri naiz, zirrara giroak erakarrita. Aitortu beharra daukat kirol berezia dela; muturreko baldintzetan ibiltzen dira, bizikletarekin igotzeko ezinezkoak diruditen maldetatik gora, ondoren ziztu bizian behera… batzuetan bakarrik, bestetan pilatuta, beti aurrera eginez.
Azken segundoetako erasoan, inguruan ditudan ikusle sutsuak aulkietatik altxatu dira, bizikleta gainean izerdiz blaituta doan heroiaren azken pedalkadei adi. Heroia iritsi da helmugara, eta irribarre zuria erakutsiz altxa ditu besoak. Etapa ederra izan omen da, eta egunak badu irabazle berri bat. Ikusleak urrundu dira telebistatik. Baina ondoren ikusitakoak harrituta utzi nau.
Kirol ikuskizuna amaitu denean konturatu naiz; inguruan denak dira gizonezkoak. Ez da harritzekoa; ikuskizun guztia gizonei zuzenduta dago, publizitatea batez ere. Hala, ingurukoek soilik lehia osasuntsua bizi duten eszenatoki horretan, kirolarekin zerikusirik ez duen irudi arkaiko batekin topatu naiz ni. Heroia igo da podiumera, mailota eta lore sorta jasotzera; bertan, beste bi sari ditu zain. Bi neska dira, gazteak, ederrak, polit apaindutakoak. Txukun doaz jantzita, Itzuliko babesleen iragarkiak soinean jantzita.
Nesken zeregina ez da heroiari sariak banatzea izan soilik. Podiumera igo dira, irabazleari masailean muxu bana emateko. Erabateko garaipenaren irudia. Segundo batzuk iraun dute horrela, argazkilariek une berezia jasotzeko aukera izan zezaten. Helmugara iristean egindako garaipen keinua ez da nahikoa heroiaren arrakasta ulertzeko; muxua jasotzean atzematen da benetako lorpena. Txirrindulariak, gladiadore baten moduan, neska ederraren muxua irabazi du bere heroizidadearekin, eta ez batena bakarrik, birena baizik. Arratsaldeko heroi berriak harrotasunez erakutsiko ditu karminez iltzatutako bi muxuak. Eta hori ere kirola omen da.