Jon Odriozola: 'Hauek'
Jon Odriozola, Kazetaria
Aste berezia Ligaren azken txanpako hau. Historikoki, aste garrantzitsua. Iragan astelehen eta asteartean, urteak –mordoska bat– bete ziren Realak lehen eta bigarren Liga irabazi zituela. Oraindik, bat baino gehiagori oilo-ipurdia jartzen zaio El Molinongo zelaian, azken txanpan, lorturiko bigarren gola gogoratze hutsak. Zale askok, garai hartako jokalarien jarrera, grina… maiz aipatzen dute taldea kili-kolo dabilenean: «Orduko haiek bazuten zerbait…»; «ez ziren punta-puntakoak izango, baina…», bezalako esaldiak entzuten ditugu tarteka-marteka.
Aurtengo Liga ere amaitzear da, eta Realak sailkapenean zortzigarren postua lortzea du jomuga.
Biharko partidaren atarian, zaleek poztu egin dira Iñigo Martinezek Realean jarraituko duela jakitean. Bat baino gehiagok beste nonbait ikusten zuen; hamaika tesi entzun dira bere etorkizunaren harian. Etxean jarraituko du.
Eta etxean jasoko du bihar talde txuri-urdinak talde merengea. Partida berezia. Denak dira bereziak, baina bistakoa da talde handien aurkako norgehiagokek ikusmin handiagoa sortzen dutela. Ligaren goi eta behe aldea nola dauden ikusita, zer esanik ez. Zaleak esfortzu bat eskatuko dio taldeari.
Aurtengo denboraldian taldea sailkapenean gorago eta puntu gehixeagorekin aurreikusten zuen edonork, baina, oinak lurrean, eta errealitatean kokaturik, itsura duina eman eta zalegoaren artean ilusioa sortzea izan behar du Realaren helburua azken hiru partidetan.
Talde handia izango dute txuri-urdinek bihar aurrez aurre. Izarrez josia. Bi erronka handitan buru-belarri murgildua. Beraz, handien arteko –Liga jokoan dutenek– jardunaldiko lehen partida izango denez, hiru puntuak izango dituzte helburu madrildarrek. Baita Realak ere. Aurre egitea; hortzak erakustea; hori da zalegoak eskatuko diona taldeari. Orain, eta beti.
Aurtengoa bukatu gabe, jada, bada datorren urteari begira jarrita dagoenik. Realak itxaropena erein behar du. Jokalariak, Gipuzkoako herrialderen batera joaten direnean, edota Amets Bat ekimenarekin, haurrak barra-barra ondoan izaten dituzte jokalariak. Berotasun faltarik ez dute izaten. Orain, berotasun hori itzultzea tokatzen da. Eta «haiek bai haiek», esaten den bezala, «hauek ere bai, hauek», esaldia maiz entzutera pasa gaitezen.