Zarata arintzeko pantailak aurreikusita daude zubibidean; Zubiondo kaleko zenbait bizilagunek, baina, ikusgaitasuna galduko luketela ohartarazi dute. Baranda bat nahiago ote duten galdetuko diete
Zubibideko lanak. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Tren geltoki berriko proiektuan aurreikusitako pantaila, zarataren aurkako estalki garden bat edo baranda bat. Hiru aukera horien artean aukeratu beharko dute Zubiondo kaleko atari bikoitietan bizi direnek, maiatzaren 4a baino lehen. Egun horretan, atari bakoitzeko ordezkariek hartutako erabakiaren berri emango diote Loiolako auzo elkarteari, honek Eusko Trenbide Sarearen esku uzteko.
Hain zuzen ere, jatorriko proiektuan 1,20 metroko pantailak daude jasota, zubibide berritik igaroko diren trenen zarata arintzeko. Geltokia Zubiondo kalearen atzealdean ari dira eraikitzen, etxebizitzetatik metro gutxira. Lehen solairuan bizi direnek ohartarazi dute ikusgaitasuna galduko luketela pantaila horiekin, eta hala adierazi diete auzo elkarteari eta Eusko Trenbide Sareak kudeatutako lanen arduradunei. Honela gauzak, bilera bat egin zuten joan den astean, sortutako kezka horri irtenbide bat bilatzeko asmoz. Konponbide onena bizilagunei eurei galdetzea dela erabaki zuten.
Zubiondo kaleko atari bikoitiek izango dute hitza; bertan dauden zazpi atariek, hain justu. 200 bat familia bizi dira etxebizitza horietan, eta atari bakoitzean erabaki bat hartuko dute, gaia eztabaidatu eta gero. Gehienez, sei solairuko altuera duten eraikinak dira. Horrenbestez, bizilagun bakoitzak desberdin ikusiko du arazoa. Eztabaida egon, egongo da.
Tren geltokiko lanen zuzendari Valentin Gomezen hitzetan, «arazoa da interes kontrajarriak egongo direla bizilagunen artean. Lehen solairukoek nahiago izango dute ikusgaitasunaren alde egin; gainontzekoek, ziur aski, zarata gutxiago egotearen alde».
Hala ere, Gomezek nabarmendu du zaratak eragindako eragozpenak asko murriztu direla azpiegitura eta tren berriekin: «Gaur egungo trenek bihurgune bat dagoenean sortzen dute zarata. Zuzen joanez gero, eta Loiolan hala izango da, txistu baten soinua besterik ez da izaten».
Obren arduradunak jakinarazi du proiektuan aurreikusitako pantailek mugak dituztela, hauek jarrita ere, ez litzatekeela zarata guztia desagertuko: «Zarata guztia kentzeko tunel bat egin beharko litzateke, dena estali, eta hori ez da kasua». Gauzak ondo egin nahi dituztela azaldu du, eta, erabakia datozen egunetan hartuz gero, proiektuaren atal hori alda daitekeela adierazi du. «Prest gaude bizilagun guztiak asetuko dituen irtenbidea bilatzeko, beti ere akordioa badago euren artean. Bestela, jatorriko proiektuan aurreikusitako pantailak eraikiko genituzke», esplikatu du lanen arduradunak.
Proposatutako bi alternatiben alde onak eta txarrak zerrendatu ditu: «Aukeretako bat estalki garden bat jartzea da, metakrilatokoa. Irtenbide erraza da, eta ikusgaitasuna bermatuko luke. Estalki gardenekin, ordea, arazo bat legoke: grafiti egileek margotuko lituzkete. Gainera, margotuko ez balituzkete, pantailek denborarekin hori kolore bat hartuko lukete, eta ilunduko lirateke».
Hau esanda, bigarren aukera zein den azaldu du: «Baranda bat jartzea litzateke beste aukeretako bat, sei milimetroko altzairuko kableekin egina. Erabateko gardentasuna irabaziko litzateke barandarekin. Ikusgaitasuna bermatzen du, baina zarata arintzeko elementurik ez du, kasu honetan».
Gogokoen duen aukera dela aitortu du: «Gauza on bat dute barandek: ez dituzte etorkizuneko irtenbideak baldintzatzen, atzera bueltarik badu. Hilabete batzuetan irtenbide egokiena ez dela ikusten bada, atzeko egoerara itzultzeko aukera legoke. Hori bai, gobernu aldaketekin eta dena delakoekin, ezingo nuke ziurtatu berehala esku hartuko luketenik».
115 metroko zubibidea eraiki dute dagoeneko
Behin behineko tren geltokiaren alboan ari dira eraikitzen zubibide berria, Zubiondo kaleko etxebizitzen atzealdean. Irutxuloko Hitzak zubibidera igotzeko aukera izan du, Eusko Trenbide Sareko lanen arduradunek hesia ireki eta gero. Bertan egokitutako eskaileretatik gora egin dugu horrela. Lanak azkar doaz, eta, momentuz, zubibidearen 115 metro eraiki dituzte dagoeneko. Alboetan dauden tarteetan joango lirateke zarata arintzeko pantailak edo proposatutako baranda.
2017. urterako egongo da prest azpiegitura berria
Abiadura bizian doaz Euskotrenek Loiolan izango duen tren geltokiko lanak. Obren arduradunek diote epeak beteko dituztela, eta 2017. urterako zerbitzua emateko moduan egongo dela azpiegitura berria.
Datorren urteko maiatzerako dute aurreikusita lanen bukaera, baina, halako egitasmoetan gertatu ohi dena kontutan hartuta, iraila aipatu dute amaiera data gisa; beti geratu ohi direlako «erremate batzuk» egiteko, obren zuzendari Valentin Gomezek esandakoaren arabera. Hala ere, tren geltokia lehenago egongo dela zerbitzuan nabarmendu dute, egiteko geratuko liratekeen lan horiek ez luketeelako irekiera baldintzatuko. «Anbizio handiko helburu bat dugu: urtarrilerako abian jartzea, lehen fase batean bada ere. Marka izango litzateke», dio Gomezek.
Joan den asteko bileran, lanen zuzendaria bera bizilagunek dituzten kezkak argitzen saiatu zen: «Jendea ez dadila harritu material handiak ikusten ez baditu, zubibidea egiteko. Egitura Madrilen ari dira eraikitzen, eta, pieza bat egiten dutenean, honera ekartzen dute jartzeko. Horrela da prozesua».
Gomezek bizilagunak eskertu zituen izandako pazientziagatik, jakitun baita tren geltoki berriaren aldarrikapena aspaldikoa dela. Horregatik, auzotarren aldetik jarrera ona jaso dutela onartu zuen, eta halako obretan hori ez dela ohikoena esan zuen.
Loiolako auzo elkarteko ordezkari Igor Alonsok arrazoi bat aurkitu zion horri: «Hainbeste urte dira lan hauen zain ginela, ez dela ia inortxo ere kexatu».
Beste proiektu bat
Tren geltokiko lanez gain, beste proiektu batzuk daude abian Loiolan. Horietako bat koartela eta geltokia arteko gunean aurreikusitako egitasmoa da. Alonsok bileran jakinarazitakoaren arabera, udalak parte hartze prozesu bat jarriko du martxan bizilagunen ekarpenak jasotzeko, esku hartuko duten eremu horretan zer egin daitekeen zehazteko.
Atzorako zuten aurreikusita proiektuaren aurkezpena egitea. Datorren asterako, berriz, tailer moduko bi hitzordu finkatu dituzte ideiak jasotzeko. «Erabakitzeko aukera ematen ari dira; beraz, baliatu beharko genuke», esan zuen Alonsok, eta prozesuan parte hartzeko deia luzatu zien bizilagunei.
Auzo elkarteko ordezkariaren hitzetan, «aipatutako proiektu horrekin, Lorategi Hiriaren egitasmoa geratuko litzateke osatzeko, lantzeko dauden proiektuekin amaitzeko».