Big Dance inaugurazio festa izango da berritasunetako bat; Kursaaleko terrazan egingo dute. Hizkuntzen Gunea Katalunia plazan egokituko dute, aniztasuna oinarri.
Txirrindulariek eman zioten hasiera iaz Olatu Talkari. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Hiria egin!, horixe da zazpigarren Olatu Talkaren leloa. Zehazki, maiatzaren 20, 21 eta 22an izango da jaialdia, eta 200 jarduera baino gehiago jasoko ditu.
Antolatzaileek azaldutakoaren arabera, «mota askotako eragileek egindako 150 proposamenetik gora iritsi dira aurten Olatu Talkara. Azterketa eta eragileekin elkarlanean aritu ondoren, azkenean, 200 jarduera baino gehiagorekin osatu dugu programa».
Berritasunei dagokienez, badira bost: Big Dance inaugurazio festa (maiatzak 20, 12:30ean, Kursaaleko terrazan); King Arthur musikala (maiatzak 20, 21:00etan, Tabakaleran); puntu kritikoa, Iztueta zientzia gunea (maiatzak 21, egun osoan, Egiako epaitegiaren inguruan); Hizkuntzen Gunea (maiatzak 21, egun osoan, Katalunia plazan); eta Kontzertour formatu txikiko kontzertuak (hiru egunetan, hiriko hainbat tokitan).
Antolaketarako brigadak antolatu dituzte, hiru multzotan banatuta: artea, eraikuntza eta komunikazioa.
Maiatzaren 8a arte eman daiteke talde horietan izena, baita Huts Uneak, Kontzertour eta Kontxa Gaumarket-en parte hartzeko ere.
Banaiz Bagarako kide Petra Elserrek azaldu du zer izango den Hizkuntzen Gunea, berritasunetako bat. «Hiriko hizkuntza aniztasuna ezagutzeko balioko du, Donostian 110 hizkuntza baino gehiago baititugu. Hizkuntzen arteko elkarbizitza landuko dugu, ezagutza eta parte hartzearen bidez», azaldu du Elserrek.
Hala, Banaiz Bagarak Hizkuntza Portaera Tailerra egingo du maiatzaren 21ean, 11:00etan; eta, arratsaldean, Kataluniako Castellersak eta kantujira berezia izango dituzte, besteak beste.
Jarduera guztiak irekiak izango dira, baina batzuetarako aldez aurretik izena eman beharra dago parte hartu nahi izanez gero. Informazio gehiagorako: 943 48 16 66 telefonora dei daiteke edo
olatutalka@donostia.eus posta elektronikora idatz daiteke.
Sara Mansilla; Musikaria: «Iruditzen zait ez dagoela talde txikiei babesa emateko ohiturarik»
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Musika bikotea osatzen dute Jon eta Sara gazteek. Duela urtebete inguru elkartu ziren, komunean zuten lagun baten bidez, eta orain arte taberna batzuetan emanaldiren bat emateko aukera izan dute. Gitarra eta ahotsa, horiek dira bikotearen erramintak, eta, Olatu Talkaren Kontzertour programari esker, jendaurrean aritzeko aukera paregabea izango dute maiatzean. Taldearen berri izateko, IRUTXULOKO HITZA bildu da Sara Mansillarekin (Trintxerpe, 1993).
Noiz eta nola elkartu zineten taldea osatzeko?
Bi lagun gara, Jon eta ni, musika gustu antzekoak dauzkagunak. Ezagutu ginen lagun baten bitartez, eta egun batean gitarra jotzeko geratu ginen. Ongi moldatu ginen, eta urtebete inguru daramagu elkarrekin, ez askoz gehiago. Tabernetan jotzen ibili gara, besterik gabe. Oraindik ez dugu taldearentzat izenik, proiektu bat garela esango nuke.
Zein izan da orain arteko harrera?
Egia esan nahiko zaila da emanaldiak lortzea. Taberna eta aretoetan baiezkoa ematen dizute, baina dena hitzetan geratzen da. Zaila izaten da gauzak egin ahal izatea, eta tartean dago diruaren kontua. Zuk diru kopuru bat uzten duzu material eta abarretan, eta bueltan oso zaila da zerbait lortzea.
Zer jaso duzue jendearen aldetik?
Iruditzen zait ez dagoela talde txikiei babesa emateko ohiturarik. Olatu Talkaren Kontzertour izan daiteke laguntzeko adibide bat, baina orokorrean musikariak galdurik gaude. Zaila da jakitea nora joan gaitezkeen edo norekin jar gaitezkeen harremanetan mundu honetan aurrera egiteko.
Zein musika mota egiten duzue?
Orokorrean, talde ingelesen rock klasikoko abestiak jotzen ditugu. Jazzera pixka bat ere hurbildu gara. Orain ni musika idazten ere hasi naiz, eta nik sortutako pare bat abesti ere baditugu.