Uliako mintegiei buruzko herri kontsulta egiteko proposamena bertan behera utzi du Udalbatzak, udal gobernuaren kontrako botoen ondorioz
Atzoko udalbatzarrean egindako bozketa bat. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Irabazi Donostia eta EH Bilduko kideak haserre agertu ziren atzo udal gobernuak uko egin diolako Uliako parkearen inguruan herri kontsulta egiteari. Uliatarrak ere udalbatzarrean izan ziren, eta euren «lana eta ilusioa zapuztu» dizkietela adierazi zuten.
Uliako mintegiko erabiltzaile Ainhoa Aierbek «harrigarritzat» jo zuen herritarrei galdetzeari ezetz esatea: «Benetan azalduko balitz Uliako parkean egiten dena… Ez da parke soil bat, Alderdi Ederrekoa bezalakoa edo Kristina Eneakoa bezalakoa, paseo bat ematera joan zaitezkeena. Uliako proiektua ez du balioan jartzen udal gobernuak».
Triste ziren uliatarrak: «Kolpe hauek oso etsigarriak dira, eta horrekin ere probetxu aterako dute». Uliako lana guztiz boluntarioa dela gogoratu zuen Aierbek, eta lan hori guztia kontuan ez hartzea «pena izugarria» dela uste du.
Irabazi Donostiako ordezkari Loic Alejandrok, berriz, atzokoa donostiarrentzako egun tristea izan zela adierazi zuen: «Asko sentitzen dut uliatarrengatik, aukera ona zutelako euren nahia erakusteko mintegien inguruan. Baina bereziki egun tristea da donostiar guztientzako, ez zaielako iritzia emateko aukerarik eman».
Urtebete pasa da kontsulten ordenantza onartu zutela, ahobatez. Baina udal gobernua XX. mendeko parte hartze eredu batean gelditu dela esan zuen Alejandrok: «Maskarak kendu dituzte; partaidetza zuzenaren aldarria egiten dute, baina gero uko egiten diote kontsulta bat egiteko aukerari. Kontraesan izugarria da».
EH Bilduko zinegotzi Axier Jakak, aldiz, udal gobernuak «aitzakiak» jarri dituela esan zuen: «Euren gehiengoa baliatu dute Uliako proiektua zapaltzeko. Erabakiak bulegoetan hartzearen politika zaharrak itzuli dira EAJ eta PSE-EErekin».
Egoera honen aurrean, Alejandrok eta Jakak berretsi zuten euren alderdiak partaidetza zuzenaren ildotik lanean jarraituko dutela, eta gaia edozein dela ere galdeketak proposatzeko gonbita egin diete herritarrei.
Hirira zabaltzeko prest
EH Bilduk eta Irabazi Donostiak proposatu zuten kontsulta, galdera honekin: «Ados al zaude gazteei zuzendutako apartamentuak hiriko beste leku batean eraikitzearekin, Uliako gunea hiri barneko parke bat izan dadin?».
Ategorrieta, Ulia eta Intxaurrondo Zaharreko bizilagunei galdetzea zuten helburu, baina prest agertu ziren kontsulta hiri osora zabaltzeko, PPk egindako zuzenketa zela eta, proposamenak aurrera egin zezan. Dena dela, udal gobernuko udal taldeek proposamenaren kontra bozkatu zuten, eta bertan behera geratu zen herritarrei galdetzeko aukera.
Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek adierazi zuen euren hauteskunde programan bazetorrela Uliako eremu horretan apartamentuak egiteko proposamena, eta, argudio horri helduta, nabarmendu zuen donostiarrek dagoeneko euren iritzia eman dutela.
Eneko Goia alkateak, bere aldetik, zalantzan jarri zuen gaiaren «interes orokorra», herri kontsulta bat egiteko beharrezko baldintza.