Donostiako kaia auzotarrena eta donostiar guztiena izatea nahi dute
Kaiaren pribatizazioa salatu dute, arrantzaleen kofradia okupatuz.
Gaur, maiatzaren lehenean, beste hiri eta kultur eredu baten aldeko ekintza bat egin dute gaur Donostiako kaian. Kaiaren pribatizazioa salatu dute hainbat herritarrek: “Ez gaude, berriro ere, donostiarrokin hitzartua ez den egitasmo baten mesedetan, intentzionalitate osoz hartzen ari diren neurri gehiago onartzeko prest. Donostiako kaia, kaiko auzotarrena eta donostiar ororen izatea nahi dugu, ez Donostiaren erdigunean aparkaleku bat izan nahi duten gutxi horiena”.
Kaiako eremua erabilera komunitariokoa izatearen alde daudela plazaratu dute: “Arribatzeko ez ezik, bizitzeko, arrantzarako, paseorako, bainurako eta baita festarako izango den kaia nahi dugulako”.
Arrantzaleen lonja inguruan bildu, eta kofradian sartu dira. Ertzaintza berehala iritsi da -sei furgoneta-, eta tentsioa sortu den arren, ez da liskarrik izan. Mozal legea baliatuta, gazte batzuk identifikatu ditu Ertzaintzak, baimenik gabe bilera egiteagatik. Kofradia barruan zeuden herritarrak eraikinetik jaitsi dira, eta aurrera jarraitu ahal izan dute egun osorako prestatu duten egitarauarekin.
Kaiko ekintzaren irakurketa osoa hemen.
Erlazionatutako edukia'Kapitalaren kulturak itsasoa ere pribatizatu du'