Amaran zehar egingo dute Jane-en ibilaldia
Jane-en ibilaldiak proiektuaren bosgarren edizioa maiatzaren 7an, larunbata, egingo dute Donostian, Amaran. Jacobsen esentzian oinarritutako proiektuaren ardura eta kudeaketa Impact Hub kolektiboarena eta Donostia 2016rena da. Jane Jacobs arkitekto, pentsalari eta urbanista sozialaren begiradak Amaran zehar egingo du aurten ibilaldia. c
Ibilaldia aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa da hiriaren esentzia historia eta jakiturarekin eraikitzen duten bolondresen laguntza. Eurek gidatzen dituzte hirian zehar egiten diren doako ibilaldiak. Ibilaldiek Jane Jacobs pentsalaria dute inspirazio iturri, horregatik, ibilbideak bere ideien esentzia gordetzen du: hiria guztiontzat izan dadin, hiriaren sorkuntzan guztiok parte hartu behar dugula dioen ideia.
Mundu mailako jarduera da Jane-en ibilaldiak. Jane Jacobs kanadar aditu eta urbanistaren lagunek 2007an hasi zuten ekintza da. Geroztik, ibilaldiak geroz eta gehiago egin dira; estreinako urtean 27 hiritan egin zen, eta gaur egun 500 hiri baino gehiagotara igaro dira mundu osoan zehar; Berlinetik New Yorkera, eta Sao Paulotik Tel Avivera.
Ibilaldiek, geure auzoei bizitza ematen dieten pertsonak eta hiriko bazter ahaztuak ikusarazteko arduran dute jatorria, hiriek piz dezaketen jakin-min estrategikoa nahiz turistikoa alde batera utzita. Helburua hausnartzea eta iraganaren inguruan eztabaidatzea da, era berean, auzoaren oraina eta etorkizuna ezagutzea, eta baita bere biztanleen kezkak jasotzea ere. Hirigintza gizatiar eta sozialagoa aldarrikatu nahi du ekimenak, hiriak ez daitezen soilik hirigintza antolatzaileen esku geratu. Jacobsen pentsamoldeak deritzonez, hiriak ez dute zertan zaporerik gabeko lerroz mugatutako eremuak izan, hiritarren eguneroko bizimoduaren eszenatokiak baizik. Hori dela-eta, hirien diseinuaren abiapuntua eguneroko bizimoduaren esperientzian oinarritua egon beharko litzatekeela uste du Jacobsek.
Ibilaldia goizeko 10:00etan abiatuko da Easo Plazako antzinako bainuetatik. Bertaratutakoek Amara auzoan zehar egingo dute ibilaldia, eta auzoko historia ezagutzeko parada izango dute. 11:30ean atseden hartzeko geldialdia egingo dute. Ordu horretan, Kaxilda liburu-dendako lagunek hamaiketakoa eskainiko dute. Ibilaldiak aurrera jarraituko du 13:45ak bitartean. Ibilaldiaren amaiera San Bartolome harresian izango da.