Barnetegietako esperientzia irudikatu dute
Euskara ikasteko udako eskaintza aurkeztu du AEK-k, Koldo Mitxelenan.
Zugarramurdin, Arantzan eta Euskal Herriko hainbat lekutan “opor ahaztezinak” igaro zituzten hiru ikasleren erreportajea aurkeztu dute gaur goizean, Koldo Mitxelenan. Izan ere, Ikasi eta bizi izandakoa ez duzu ahaztuko lelopean, Ahotsak eta AEK-k ikus-entzunezko bat ekoitzi dute, barnetegien esperientziak irudikatzeko asmoz. Modu horretan eman diote hasiera AEK-k eskaintzen dituen udako euskara ikastaro eta barnetegietan izena emateko epeari. Izena eman edo informazioa eskatzeko, AEK-ren webgunera jo daiteke, barnetegia hasi baino 11 egun lehenago, beranduenez.
Barnetegiei dagokienez, ondorengoetan parte hartu dezake interesa duen orok:
- Euskalduntze barnetegiak.
- Arantzan eta Foruan, B1-B2-C1 mailetan daudenentzako. 14 egun / 90 ordu. 505 euro.
- Adunan, A2 mailan daudenentzako. 14 egun / 90 ordu. 505 euro.
- Mailen azterketak prestatzeko barnetegiak.
- Arantzan eta Foruan, EGA / C1 / B2 / B1 mailak prestatzeko. 14 egun / 90 ordu. 505 euro.
- Familia barnetegiak.
- B1-B2-C1 mailetan daudenentzako. 12 egun / 80 ordu. Helduak: 480 euro. Haurrak: 285 euro.
- Barnetegi ibiltariak. Oinez edo bizikletaz. 530 euro.