Eskoletan kontzertuak ematen ari dira egunotan; Intxaurrondo Hegoa ikastetxean, esaterako, Musikschule Heidenheim orkestra alemaniarra izan da.
Musikschule Heudenheim orkestra, Intxaurrondo Hegoa ikastetxean. (Argazkia: LHI Intxaurrondo Hegoa)
Emusik jaialdiaren inaugurazioaren atarian, hiriko zenbait eskolatan musika emanaldiak egiten ari dira, tokiko ikasleen eskutik. Esate baterako, Intxaurrondo Hegoa ikastetxean izan da gaur Alemaniako Musikschule Heidenheim orkestra. 42 musikariz osatuta, kontzertua eskaini diete ikastetxeko ikasleei.
Halaber, EMU Musika-Eskolen Europako Elkartearen aldizkako batzarra ospatzen ari dira. Lan jardunaldi hauetan elkartea osatzen duten herrialdeetako hainbat ordezkari izango dira elkartearen eta jaialdiaren etorkizun hurbilari buruzko erabakiak hartzeko.
Maiatzak 6 eta 7, egun handiak
Donostian eta inguruko beste 59 udalerritan Europa osoko musika-eskoletako 8.500 ikasleek eskainiko dituzten 120 kontzertu baino gehiago egingo dira maiatzaren 4tik 7ra, Musika-Eskolen Europako Elkartearen (EMU) Emusik jaialdia dela-eta. Inaugurazio ofiziala Donostia Arena 2016 espazioan (Illunbe) izango da maiatzaren 6an. Euskal Herriko zein atzerriko 8.500 musika-ikasleentzako topaketan, musikak eta dantzak bat egingo dute errepertorio anitz batean: Donostiako martxa, Txanton piperri, Europako ereserkia eta Emusikerako espresuki konposatutako abestia (
Musikatu bizitza).
Irekieraren ostean dator jarduera nagusia: Emusiken parte hartzen duten Europako musika-eskolek maiatzaren 6an, arratsaldean, eta 7an, goizez, bi errezitaldi emango dituzte egoitza desberdin banatan. Modu horretan, 59 herri anfitrioiek herritarrei zuzendutako doako 120 kontzertu baino gehiagoz osatutako egitaraua hartuko dute. Tokiko taldeek zein bisitariek parte hartuko dute ekitaldi hauetan; hainbat musika-estilo jorratuko dira, konpositore klasikoen piezak zein soinu garaikideak.
Jaialdia maiatzaren 7aren iluntzean amaituko da, 20:00etan, Saguesen ospatuko duten herritarrei zuzendutako bukaera-festa batekin. Ospakizun horretan, egoitzetako ikasleek ekitaldirako espreski osatutako Big Band batek joko du, Europako eskolen ikasleen laguntzarekin eta, ondoren, DJ saioa egongo da.