Zinemaldia elkargune gisa irudikatzen duen kartela izango du 64. edizioak
Jorge Elosegi, Primo Estudioko diseinatzaile donostiarra da afixaren egilea.
Zinemaldia elkargune gisa irudikatzen du 64. edizioko kartelak. Primo Estudioko Jorge Elosegi diseinatzaile donostiarrak egin du 64. Donostiako Zinemaldiko kartela. Maiatzaren 5ean aurkeztu dute, Eureka! Zientzia Museoko Newton auditoriumean. Aurten lehenengoz prestigio handiko hamar estudiori Sail Ofizialeko kartela egiteko gonbidapena luzatu zitzaien.
Azaldu dutenez, karteleko irudiak Zinemaldia elkargune dela nabarmentzen du: “Elkargune bat industria honetako profesionalentzat, kazetarientzat nahiz ikusleentzat”. Sortzailearen asmoetako bat kartelaren eta gainerako aplikazioen arteko lotura erraztea da, batik bat filmen aurretik proiektatzen den animazioarekin: “Interesgarria da kartelak eta filmen aurreko animazioak elkarri laguntza ematea, ikuspuntu grafiko eta komunikatibo batetik indartsua den zerbait sortzeko”.
Ekitaldi berean, Donostia Zinemaldiak antolaturiko kartel-lehiaketaren irabazleak zein izan diren jakinarazi dute; besteak beste, Zuzendari Berriak sailerako, Zabaltegi-Tabakalerarako, Horizontes Latinos sailerako eta Perlak eta Culinary Zinema sailetarako aukeratutakoak. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 482 egileren 1.692 proposamen jaso dituzte.
Atzera begira
Bestalde, atzera begirako klasikoaren eta tematikoaren kartelak Donostia Zinemaldiak eta Eurosíntesisek egin dituzte. Tematikoaren kasuan, The Act of Killing. Zinema eta Indarkeria Globala zikloak mundu guztian gertatzen diren indarkeria-egoeren analisia egiten laguntzea du helburu. Bestalde, Jacques Beckerren zikloa dago.
Dagoeneko salgai daude 64. edizioaren inaugurazio eta amaiera galetako sarrerak. Zinemaldi ticket-en erosi daitezke, eta gala bakoitzeko bi txartel har daitezke, gehienez.