Lanerago gogoz daudela argi utzi dute Parte Zaharreko gazteek azken asteetan; espazio publikoen aldarrikapen gisa, auzoko gune ireki bat okupatzea erabaki dute, guztien erabilerarako.
ANDOITZ URDANPILLETA Parte zaharreko gazte asanbladako kidea.
(Argazkia: Estitxu Zabala)
Parte Zaharreko gazte batzuek auzo baratzea sortu zuten duela gutxi Trinitate plazako lursail txiki batean, baina proiektua oztopatu die Donostiako Udalak. Gertatutakoa salatzeko prentsaurreko jendetsu bat egin zuten joan den larunbatean, eta proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa azaldu zuten. Andoitz Urdanpilletarekin egon da IRUTXULOKO HITZA.
Nola hasi zen baratzea sortzearen ideia?
Gazte batzuk biltzen hasi ginen iazko azaroan, Parte Zaharreko Gazte Asanbladaren EzDuguNon dinamikaren baitan, asteazkenero. Ikusten genuen ez genuela tokirik auzoan proiektu autogestionatuak lantzeko eta gure aisia egiteko. Horregatik, baratze bat ere gune autogestionatu bat denez, ez genuela zertan gaztetxea aldarrikatu behar erabaki genuen. Poliki-poliki hasi ginen baratzean pentsatzen; hasieran, Urgullen jartzea bururatu zitzaigun, baina, gero, Trinitate plazako goiko lursail txiki horretaz gogoratu ginen. Leku ikusgarria da, auzotik esku-eskura dago, eta benetan utzita zegoen.
Nola hasi zineten lanean?
Jakoba Errekondorekin Bizi Baratzea liburuaren aurkezpena egin genuen, apirilaren 23an, larunbata. Horren ostean, auzo lanari ekin genion. Garbitzen hasi ginen eta belar txarrak kendu genituen. Gainera, pilotak erortzen zitzaizkien frontoian jolasten ari zirenei, eta umeak piloten bila igotzen ziren hara. Lekua utzia zegoenez, oso zikina zegoen; 50 xiringa edo aurkitu genituen, kristal pila bat ere bai…
Aitzurrak hartu eta lurra jorratu genuen. Letxuga batzuk landatu genituen, eta lehenengo hiru egunetan ez genuen arazorik izan; udaltzainak etorri ziren, baina jator.
Gerora arazoak izan dituzue.
Bai, handik lau egunetara, asteazkenean, udaltzainak etorri ziren FCCko garbitzaile batzuekin, eta goizeko zortzietan hasi ziren lursailean genituen egurrak kentzen. Euskal Herrian euskarazen baimendutako kartela ere kendu zuten, bortizkeriarekin, dirudienez. Hala ere, landareak utzi zituzten, eta ez genuen galera handirik izan.
Gertatutakoa eta gero, zer egingo duzue?
Erabaki genuen proiektuarekin aurrera jarraitzea. Arratsalde horretan bertan asanblada bat egin genuen, eta ezin ginela hogei lagun baino gehiago bilduta egon esan ziguten ertzainek. Jendea identifikatu nahi zuten; azkenean, batek esan zuen bera zela arduraduna, eta bera bakarrik identifikatu zuten. Egurrak kendu zizkigutenez, harriak jarri ditugu, eta momentuz ez dugu arazorik izan.
Esan nahi dugu ez dela baratze bat bakarrik; toki autogestionatu bat da, eta auzoari kolorea ematen dio, eta alternatiba bat da. Jendea nahi duenean etor daiteke, eta ez du zertan gaztea izan behar, edozeinentzat dago pentsatua. Umeek ere lan handia egin dezaketela uste dugu; ikastolatik etor daitezke landareak ureztatzera. Momentuz, bereziki gazteentzako errazagoa da igotzea, ez dugulako eskailera finko bat. Denborarekin eskailera egoki bat jarriko dugu, eta hesi bat edo baranda bat ere egokitu nahi dugu, segurtasun kontuengatik. Pixkanaka goaz, auzolanean.
Udalari zerbait esan nahi diozue?
Udalari esan nahi dioguna da berreskuratu dugula lursail bat beraiek utzia zutena, eta orain baino arriskutsuagoa zena. Ez dugu ulertzen udalaren jarrera auzo baratzea kentzearekin. Pentsatu dugu baimen horiek ematen dituen zinegotziarekin hitz egitea, auzo elkartearen bidez. Hala ere, momentuz ez da gure lehentasuna baimena eskatzea, baizik eta beraiekin hitz egitea eta guk proposamen bat egitea.