Urtebete igaro da Añorgako Firestoneren lantegi zaharra okupatu eta bizia eman ziotenetik; hainbat proiektu abiatu dituzte eraikinean, baina gehiago zabaldu nahi dute.
Alaitz Mendizabal, Garazi Minguez eta Maialen Gartzia; Firestone lantegi berreskuratuko erabiltzaileak.
Alaitz Mendizabal, Garazi Minguez eta Maialen Gartzia, Firestone lantegian.(Argazkia: Estitxu Zabala)
Eraldia mugimenduak eman zion hasiera Firestone lantegiaren ibilbide berriari, eta, ordutik, bizitza filosofia berri baten aldeko apustua egin dute bertan. Momentuz hamar lagunek osatutako asanbladan hartzen dituzte erabakiak; eta egunerokoan, 30 lagun inguruk erabiltzen dute gunea, asanbladakoez gain. Hiru kiderekin egon da Irutxuloko Hitza: Alaitz Mendizabal (Lasarte, 1981), Garazi Minguez (Añorga, 1990) eta Maialen Gartzia (Añorga, 1989).
Nolakoa izan zen hasiera?
Maialen Gartzia (M. G.) : Hasiera izan zen leherketa handi bat Eraldiarekin. Hemen 200 pertsona elkartu ginen, eta ondoren ardura ez zen inoren eskuetan geratu. Pixkanaka talde egonkor bat sortu dugu, baina asko kostatu zaigu. Jendearen joan-etorria handia izan da, eta batzuk geratu gara finko. Jende berria eta langilea hurbildu da, egia esan.
Nola erabaki duzue zein bide jarraitu?
M. G. : Asanbladak egiten ditugu asteartero, 19:30ean, eta erabaki guztiak denen artean hartzen ditugu. Asanbladetan parte hartzen dugu hemen dauden tailerretako kideek eta saltseroek. Hau da, proiektu zehatz batean aritu gabe, proiektu orokorrean interesa dugunak gara saltseroak; Firestone orokorrean ikusten dugunak.
Alaitz Mendizabal (A. M.) : Hala ere, asanbladak irekiak dira. Ideia berriren bat badu norbaitek buruan, asanbladara etor daiteke azaltzera, eta erabakiko dugu onartu edo ez, denen artean.
M. G. : Proposamenik gabe ere etor daiteke nahi duena, hemen bagabiltza saltsero batzuk.
Zein jarduera dituzue momentu honetan?
M. G. : Liburutegia, doako denda, etxebizitza, Artisten Txokoa, serigrafia, Mailuka altzariak eta tailer mekanikoa.
Garazi Minguez (G. M.) : Eta laster sartuko dira jostuna eta auzo baratzea.
A. M. : Espazioa hainbat taldek ere erabiltzen dute, filmaketak edo tailerrak egiteko. Orain arte jende dezente etorri zaigu lekua uzteko eskatzeko, eta film laburrak eta bideoklipak egiteko erabili dute.
Alaitz eta Garazi, altzariak zaharberritzen zabiltzate. Konta ezazue zer den zehazki egiten duzuena.
G. M. : Altzariak zaharberritu eta saldu egiten ditugu ondoren. Zaborretan topatzen ditugunak dira batzuk, edo batzuetan, ezagunen batek etxean dituenak jasotzeko esan izan digu. Enkarguak ere jasotzen ditugu, eta azokan ere saltzen ditugu. Beti ere material birziklatuak erabiltzen saiatzen gara. Lekua ona da, baina makina batzuen falta badugu oraindik.
A. M. : Eskuzko erramintak erabiltzen ditugu, eta denbora asko behar izaten dugu gauzak egiteko. Baina bueno, gero eta azkarrago gabiltza, eta geroz eta hobeto. Espazioa mundiala da, altuera ona dauka eta handia da. Saiatzen gara ere bernizak eta produktu kutsakorrak ez erabiltzen. Hasieran bernizekin hasi ginen, eta erdi zorabiatuak bukatzen genuen; orain, argizariekin eta olioekin hasi gara lanean, eta hori da asmoa aurrera begira.
Nolatan ekin zenioten lanari?
G. M. : Egia esan, Eraldiaren berri izan nuen, eta hurbildu egin nintzen. Pare bat egun lehenago bururatu zitzaidan ideia, lekua baldin bazegoen altzariak zaharberritzeko, aukera ona izango zela. Hasieratik esan zidaten bi neska ezagutzen zituztela horretarako prest zeudenak, eta kontua da aurretik ezagutzen ginela. Hiru hasi ginen, baina orain biok gabiltza. Geroz eta irabazi gehiago dauzkagu, baina ezin gara honetaz bizi momentuz. Arbizuko kanpin ekologikotik, adibidez, bungalow baterako altzari guztiak enkargatu dizkigute.
Nolakoa izan da orain arteko ibilbidea orokorrean?
A. M. : Hasieran ahoz ahokoa izan da erabili duguna, eta inguruko jendea hurbildu da bereziki. Orain ari gara komunikazioa lantzen, sare sozialen bidez gehienbat. Agian, hasieratik horri egurra eman behar genion, baina ingurukoen bidez egin genuen aurrera.
Auzoak nola erantzun du?
M. G. : Jendeak ez gaitu begi txarrez ikusten, baina toki okupatu bat denez, jendea ez da ausartzen inplikatzen. Orduan, zailtasun hori dugu. Gainontzean, erantzun ona jasotzen ari gara. Liburutegia osatzeko liburuak jasotzeko deia egin dugu, adibidez, eta sekulako arrakasta izan dugu. Horren harira jende gehiago ari zaigu hurbiltzen, ni kaletik geratzen naute. Bizilagunek ikusi behar dute beraien beharra dugula, eta beraiei esker osatuko dugula liburutegi bat Donostiako Udalak ez diguna sekula emango, ez dagokigulako. Zerbitzu dezenterengatik Antiguara joan behar dugu, anbulatoriora, esaterako, auzoan ez gaudelako nahikoa lagun.
A. M. : Tailerrak egitea ere aurreikusten dugu, hilabetero, eta horrek ere jendeari ateak irekiko dizkio. Egonkortu eta dauzkagun lantegien bidez eskainiko ditugu tailerrak: ogia egitekoa, papera egitekoa, altzariak zaharberritzekoa… gure jarduerak kalera ateratzeko momentua da, eta orain horrekin hasiko gara indartsu.
Aurrera begira zer duzue buruan?
G. M. : Auzoa hurbildu nahi dugu gure bizitzeko filosofiara: birziklapena, elkarlana, euskara…
A. M. : Ez dugu guretzako bakarrik lan egin nahi, gizarteari gure ekarpena egin nahi diogu. Espazioa eskaini nahi dugu, oraindik nahiko ezezaguna dela ikusten dugu. Proiektu gehiagorentzako tokia dago. Azken batean, gaurko sistematik kanpoko alternatiba bat eskaini nahi dugu, hori da helburua.