Xabier Vazquez: 'Auzolotsa'
Xabier Vazquez, Realzalea.
Bat nator Camachorekin. Nik ere auzolotsa pasa nuen Rulliren jarrerarekin. Lotsagabea behar da izan Real Madrili geldialdiak egiteko Liga jokoan duelarik. Eta horrekin nahikoa ez eta, gainera, azken minutuan falta bat errematatzera igotzea besterik ez zitzaion bururatu. Noiz eta Reala etxean galtzen ari zela eta aldeko falta bat zuenean! Horretarako irabazi al genion Bartzelonari eta Liga puri-purian jarri? Gero zer eta Madrili partidak lehiatzeko eta hiru puntuak ez oparitzeko? Zer izango da hurrengoa, Jose Antonio, zuk gidatu zenuen espainiar selekzio horri garaipenik ez opatzea?
Zorionez, jakin dezala Camacho jaunak Donostian badirela Madril eta bere selekzioaren miresle handiak, adibidez @migelbix txiolaria, Amarara ezkonduriko joxemaritarra. Eta, noski, ni neu ere hor nauka, neure homonimo Martin Vazquez eta Lucas Vazquezen taldearen defentsan.
Izan ere, Liga honetako tradizioak hori dio: aukera dago nork bere inguruko klub txikia animatzeko, baina azkenean bi handietako batekin joan behar duzu. Ah, alternatiboa zarela eta bipartidismo horrekin amaitu nahi zenukeela? Ados, hor daukazu Atletico Madril, Ligako Ciudadanosa, horrekin bizi ahalko duzu rekanbioaren itxaropena. Baina jakin badakigu beste hamazazpi taldeen funtzioa Bartzelona, Real Madril eta Atletico Madrilen jopu izatea dela, eta Liga nork erabakiko duen erabakitzen laguntzea.
Horregatik da hain ulergaitza Realak Bartzelonari irabazi ondoren, eta begibistakoa izanda ez dela colchoneroen lagun, Real Madrili Anoetan paseotxoa ematen ez utzi izana. Banderizoen gerra honetan oinaztar edo ganboar behar dugu izan, eta Madrilgo (edo Bartzelonako, ez dezagun pentsa horiek ezberdinak direnik) kazetariek ez dute ulertzen zein funtzio duten horien interesera izan nahi ez duten horiek. Horregatik ez dute ulertzen gol baten aldearekin galtzen ari den taldeko atezaina 93. minutuan alde eman duten falta bat errematatzera igotzea. Are gehiago, bi aste lehenago talde horri mesede egin badiozu bere arerioari irabazita. Beste zertarako nahi zenuke, ba, zuk Bartzelonari irabazi?
Hori bai, gero hemen kristo guztia pozten da Leicesterren balentriarekin. Bizpahiru liga ziztrin eta lotsagabe hau egunero sustatzen duten kazetari, esatari, komunikabide, ligako arduradun eta abarrek oso polita ikusten dute non eta Ingalaterran horrelako gauzak gertatzea. Baina Ligan ahal duten guztia egiten dute hori gerta ez dadin. Horregatik, nire uste apalean, ez dut zalantzarik Premierra munduko futbol ligarik onena dela. Ez dut esango ados ez dagoenak futbolaz ez dakienik, ez horixe. Soilik futbola zer den beste kontzeptzio bat duela. Leicesterren momentu gozoa ez ezik, 2. mailara jaitsi den Aston Villaren zaleen jokabidea ere izan dira Premierren izaeraren adierazle.