AEK-k udako eskaintzan izena emateko epea zabaldu berri du; horren harira, Irutxuloko Hitzak barnetegietan egondako ikasle eta irakasle banarekin hitz egin du, euren esperientziak ezagutzeko.
Jon Burgi ikaslea eta Luis Rodriguez. (Argazkia: L.Ferreira)
Groseko Irrintzi euskaltegian dabiltza Luis Rodriguez irakaslea (Intxaurrondo, 1970) eta Jon Burgi euskara ikaslea (Altza, 1958). Aurreko urteetan, baina, euskara ikasi edo irakasteko beste bide batzuetan parte hartu izan dute. Hain zuzen ere, Rodriguez sei barnetegitan ibili da irakasle gisa; Arantzan, Ondarroan eta Elgetan. Burgik, berriz, barnetegi ibiltariak aukeratu izan ditu, bere mintzamena hobetu eta naturaz gozatzeko.
Zer nolako harremana duzu euskarekin?
Jon Burgi (J.B.): Euskaldun berria naiz, baina betidanik harremana izan dut euskararekin. Inguruko ezagun asko euskaldunak dira, eta ohituta nago hizkuntza entzutera.
Noiz hasi zinen ikasten?
J.B. : Groseko Irrintzi euskaltegian duela lau urte hasi nintzen, baina aurretik ere Larratxoko euskaltegian egon nintzen.
Eskola arruntez gain, hizkuntza lantzeko bestelakoak egin dituzu, ezta?
J.B. : Bai, udako eskaintzaren iragarki bat ikusi nuen euskaltegian bertan. Barnetegi ibiltaria egiteko aukera ikusi nuen, eta ideia gustatu zitzaidan. Informazioa eskatu, izena eman eta halaxe animatu nintzen.
Oraindik ezagutzen ez dituenarentzat, zer dira barnetegiak?
Luis Rodriguez (L.R.): Normalean hamabost egunetako egonaldian izaten dira, eta horren muina murgiltze eredua da. Hau da, euskaraz bizitzea ahalik eta denbora gehien, bizitzaren ahalik eta esparru gehienetan, normaltasun osoz. Horregatik aukeratzen dira, hain zuzen ere, oso euskaldunak diren herriak. Erakusteko 24 orduz euskaraz bizitzea badagoela, ikasleek normaltasunez ikusi eta ikas dezaten hizkuntza.
J.B. : Ni hamabost egunez ibili nintzen mendiriz mendi, barnetegi ibiltarian. Gorbean hasi, eta Isabaraino egin genuen ibilaldia. Egun guztietan bi helburu genituen: euskaraz hitz egitea eta oinez ibiltzea. Lekuaren arabera, lo egiten genuen eskola batzuetan edo kanpinetan.
Zein da berezitasunik handiena?
L.R. : Ikastaro arruntetan egoerak planteatzen dira; baina, askotan, artifizialak dirudite. Barnetegian ez dira bakarrik eskolak. Aurre egin behar diete, euskaraz, bizitzako benetako egoerei.
Nola antolatzen duzue egonaldia?
L.R. : Azken batean, gauza asko aurreikusten dira: bisitaldiak, irteerak… Eta klaseko jarduna antolatzen da gai horien arabera. Adibidez, ikasleak herritarrekin harremanetan jartzeko, inkestak bideratzen ditugu. Aitzakia bat da euskaraz hitz egin dezaten, eta herrian murgildu daitezen.
Euskaraz hitz egiten dute denek, edo erdara ere entzuten da?
J.B. : Jendearen helburua oso argia da: euskaraz hitz egitea eta praktikatzea. Gure taldean, adibidez, egon ziren bi katalan. Beraien oporren zati bat erabili zuten euskara praktikatzeko. Eta oso ondo hitz egiten zuten. Guk baino hobeto!
L.R. : Oso gazteak direnak edo erdi behartuta joaten direnak, erdararako joera pitin bat dute. Baina, normalean, izena ematen duenak badaki zertara doan.
Erdaraz egiteko joera duenak konfiantzarik ez duelako egiten du askotan. Barnetegia hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko murgiltze eredu bat da. Etorkizunari begira, konfiantza handiagoarekin bueltatzen dira ikasleak.
Zaila da 24 orduz euskaraz bizitzea?
J.B. : Hasieran bai, noski. Baina gero ohitura hartzen duzu, eta naturala bihurtzen da. Barnetegia amaitu nuenean, Donostiara bueltatu eta nire lehenengo hitzak euskaraz egiten nituen. Une horretan, bereziki, nabaritzen da hobekuntza.
L.R. : Ikas prozesuari dagokionez, motibazioa indartzen dute eta sekulako aurrerapausoak ematen dituzte; jariotasun eta aberastasun aldetik, besteak beste.
Zuzenketa asko egiten dizkiezue ikasleei?
L.R. : Helburua da jariotasuna lortzea. Beraz, zuzentasunari ez zaio hainbesteko garrantzirik ematen. Kalean gehiegi zuzenduz gero, kontrako efektua lortuko genuke. Orduan, gunean gunekoa.
Euskalkiak entzuten dira?
L.R. : Saiatzen gara lekuko euskalkia uler dezaten, hori behintzat traba ez izatea. Jakin mina piztea, ulermen mailan, behintzat. Arantzan, adibidez, nafarreraz egiten dute; eta bertako hiztegitxo bat ematen diegu ikasleei. Arrotza ez egiteko; euskalkia oztopo izan ez dadin.
J.B. : Ni joan nintzenean, jende gehiena bizkaitarra zen, eta beraien hitz batzuk hasieran ez nituen ulertzen, baina gero konpondu nintzen.
Barnetegiko anekdota edo oraitzapenen bat izango duzue.
L.R. : Gazteen artean gertatzen diren harremanak! [barrez] Eta, ez bakarrik hori, ikasle eta herritarren artean sortzen diren harremanak ere ikusi izan ditut. Barnetegia amaituta, harremana mantentzen dutenak. Deigarria da.
J.B. : Eguraldi ona aprobetxatu, eta bi gau atari zabalean pasa nituen. Beste egun batean, Hiru Erregeen Mailara igo ginenean, besarkada handi bat eman genion elkarri. Oso hunkigarria izan zen.
Zergatik gomendatuko zenukete esperientzia?
L.R. : Helburua da euskaraz bizitzea, eta nire ustez barnetegiek oso aukera ona ematen dute horretarako. Esnatzen zarenetik, lo hartu arte.
Hizkuntza maila aldetik erraztasuna eta jariotasuna ematen die ikasleei, baina jarrera aldetik ere bai. Ikusten dute badagoela mundu bat euskaraz bizi dena. Hirigunetik-eta joaten direnentzat deigarria izaten da euskaraz naturaltasun osoz funtzionatzen duen leku bat ezagutzea. Motibazioa ere indartzen da.
J.B. : Harreman estuak lortzen dituzulako. Guk, ordutik, geratzen gara urtero, Bilboko jaietan, adibidez. Barnetegi ibiltarien kasuan, natura edo mendia gustuko badituzu, leku izugarriak ezagutuko dituzu euskaraz. Ezinbestekoa da euskaraz hitz egitea, ikastea edo ohitura hartzea.
Egun, euskaraz bizi zara?
J.B. : Inguruan euskaraz dakien jendea daukat, baina batzuetan erdaraz egiten dugu. Pertsona batzuekin asko kostatzen zait, beldurragatik edo, baina saiatzen naiz. Nire alabarekin gehienbat, eta emaztearekin ere bai. Baldin badakit toki zehatz batean –okindegian, tabernan…– euskara dakitela, zuzenean erabiltzen dut euskara.
Nola ikusten duzue euskararen egoera?
J.B. : Lekuaren araberakoa da. Agian, Igeldon, euskara izango da hizkuntza nagusia, baina Donostian ez da gehiegi erabiltzen. Hori bai, Bilborekin alderatuta, oso euskalduna da gure hiria.
L.R. : Ezagutza maila inoiz baino altuagoa da, baina hori ez da erabileran islatzen. Orduan, nik esango nuke behar dena dela euskaraz nagusiki ariko diren guneak sortzea. Horixe da barnetegietan bilatzen duguna.
Ezagutza maila gauza indibiduala da, baina hizkuntza, berez, jarduera kolektiboa da, beti bi pertsona behar dira. Hizkuntzak guneak behar ditu euskaraz bizitzeko, euskaraz nagusiki hitz egingo diren guneak. Erabilera aldetik, hori da erronka, nire ustez.